Lekeitio eta Lea Ibarrak bi milioi euroko laguntza jasoko dute turismoa sustatzeko
Next Generation funtsaren diru laguntzak lortu dituzte. Proiektu biek helburu bera dute: GR-38a eta horren inguruko baliabide turistikoak balioan jarri eta indartzen jarraitzea.
Lekeitio eta Lea Ibarra eta bere inguruak balioan jartzeko proiektuek Next Generation funtsaren 2 milioi euroko laguntza jasoko dute. Gaur [abenduak 22] eman du laguntzen berri Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak turismo jasangarritasunerako lurralde-planaren aurkezpenean.
Next Generation funtsak euskal turismoa indartzeko proiektuetara bideratzen dira, eta funts horiek jasoko dituzten 11 proiektuen artean Lekeitiokoa eta Lea Ibarrarena aurkitzen dira. Proiektu biek helburu bera dute: GR-38 ibilbidea eta horren inguruko baliabide turistikoak balioan jarri eta indartzen jarraitzea, eta horretarako hainbat lan bideratuko dituzte.
Alde batetik, Lekeitioko proiektuaren baitan sartzen dira Mendieta ontziola birgaitzea, Garraitz uharteari parke arkeologiko gisa balioa ematea, Santa Katalinako itsasargirako irisgarritasuna eta aterpetxeen birgaitze jasangarria. Guztira milioi bat euro bideratuko dira hobekuntza horietara.
Bestalde, Lea Ibarrako proiektuaren barnean hurrengo hauek aurkitzen dira: Lea Ibilbideko oinezkoentzako bidean zurezko eta zoladurako pasabideetan segurtasun hobekuntzak egitea, Hiruzubiko bainurako eta aisialdirako gunea egokitzea eta Bengoleako monumentu-multzoaren zaharberritzea. Lan horietarako ere milioi bat euroko funtsa jasoko dute.
Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, bi proiektuak elkarlanean egin dira, eta Lea Ibarrako herriek proiektua Azaro fundazioa eta Leartibai Garapen Agentziaren bidez garatu dutela zehaztu dute.