Oilagorren inbasioa Markina-Xemeinen
1963ko abenduaren 24an zerbait bitxia gertatu zen oilagorrekin Markina-Xemeinen.
Egun hauetan Markina-Xemein ingurutik oilagorrak igarotzen ari direla eta, batzuen oroitzapenera itzuli da oilagorrek Markina-Xemeingo Zelaia leporaino bete zuten eguna. Oilagorren kopurua hain izan zen handia, egunkariek ere jaso zutela gertaera euren orrialdeetan. El Hierro egunkarian, esate baterako, albiste bat eskaini zioten gertaera bitxiari.
Bertan jaso zutenez, eta herritarrek gogoratzen dutenez, 1963ko abenduaren 24an, 19:00etan, Gabon ospakizunak baino aurretik, jirabiraka hegan zenbiltzan ehunka oilagorrek bete zuten Zelaia erabat. Inguruetan zenbiltzan herritarrak, oilagorrak zirela konturatu zirenean itzelezko iskanbila sortu zen, eta hegaztiak harrapatzeko ahaleginetan hasi ziren denak, eskuan zituzten makila, aterki eta baita erratzekin ere.
Egunkarian jaso zutenez, 40 bat oilagor harrapatu zituzten ustekabeko ikuskizunak iraun zuen denboran, gutxi gorabehera bi orduko epean. Izan ere, Markina-Xemeingo garai hartako agintariek ehizaldi bereziagaz amaitzea erabaki zuten, bestela Markina-Xemeingo biztanle guztiek ohiko oilaskoagaz gainera txori gutiziatu hori afalduko zuten.
Ehiza eteteko ordena ere modu originalean eman zen; argia moztu zuten oilagorrek lurra hartzeko aukeratu zuten herriko erdigunean.
Dirudienez, oilagorrak hotzetik eta inguruko eskualdeetako elurretatik ihesi zetozen. Ihesaldi azkar eta ustegabeaak eragindako nekeak geldialdi bat eginarazi zieten herriaren erdian. Hain zuzen ere, herriko gunerik argienean. Argi mozketak ehiza geldiarazi zuen, eta oraindik ere ehiztari gehiago biltzea eragotzi zuen.