Osasun neurriak beteta etorriko dira Olentzero eta Mari Domingi
Gutxi falta da Gabonetako pertsonaiarik ezagun eta kuttunenak berriro ikusteko; osasun neurri guztiak hartuta menditik jaistear daude.
Koronabirusaren pandemiak eragina izango du aurten ere Olentzeroren eta Mari Domingiren etorreran; menditik jaistear daude zakua opariz gainezka dutela Euskal Herriko ikazkin famatuena eta Mari Domingi. Lea-Artibai eta Mutrikuko herri eta auzoetan opariak eta ilusioa banatzeko prest daude beste behin ere, baina aurten, pilaketak saihesteko, bestelako osasun neurriak hartuta agurtuko dituzte herritarrak.
Aurtengoa ere ezohiko urtea izan bada ere Gabonetako oporraldia askotariko ekimenekin ospatzeko aukera egongo da. Opor sasoi berezieneko ekitaldiak era xumeagoan egingo badira ere, zer egin ez da faltako.