Erkiaga eta Lopez, nor baino nor gehiago, banakako finalean
Banakako Jai Alai World Tourraren finala gaur gauean [urtarrilak 7] jokatuko dute Berriatuko Mendibarren frontoian.
Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak Banakako Zesta-Punta Txapelketako final handia jokatuko dute gaur [urtarrilak 7], Berriatuko Mendibarren frontoian.
Bi pilotariak 2017ko finalean lehiatu ziren banakako titulua lortzeko Bilbon, eta Lopez nagusitu zen orduko hartan. Zumaiarrak 2019ko banakakoa ere irabazi zuen Aimarren kontra, Berriatuan. Erkiagak, berriz, 2013an lortu zuen txapela Egigurenen kontra.
Egungo puntista handienetakoak dira bizkaitarra eta zumaiarra, txapelketako faboritoenen artean zeuden, eta ez dute hutsik egin. Erkiagak Arbe egungo txapelduna kanporatu zuen finalerdietan, eta Lopez Ladutxi irabazita sailkatu zen finalerako. Ikuskizuna ziurtatuta edukiko dute frontoira doazen zaleek.
21:00etan hasiko da jaialdia. Finalaren aurretik, Arbe-Aimar eta Barandika-Lekue bikoteen arteko partiduagaz gozatu ahalko dute zaleek. Sarrerak 10 eurotan egongo dira, eta COVID ziurtagiria erakustea derrigorra izango da frontoira sartzeko.