Farmazia proba batean positibo ematen duena etxean isolatu behar da, baina ez du jakinarazpenik eman beharko
Ikasgelan positibo bat edo batzuk agertzen badira ere, umeek ez dute berrogeialdirik eta probarik egin beharko sintomarik ez badaukate.
Osakidetzak irizpide berriak ezarri ditu berrogeialdiak eta probak egiteko, eta horien berri eman du gaur [urtarrilak 10] Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean.
Adierazi duenez, aurrerantzean ikasgelan positibo bat edo batzuk agertzen badira ere, umeek ez dute berrogeialdirik eta probarik egin beharko. “Ikasgelan COVID kasuren bat badago, gainerako adingabeek eskolara joaten jarraitu behar dute eta prebentzio neurriak bete. Sintomarik ez badago, ez da etxean geratu behar eta, berariaz adierazi ezean, ez zaie proba diagnostikorik egingo”. Ordea, ikasle batek sintomarik balu, etxean geratu behar du, eta euskadi.eus-eko Nola jokatzen dut? atalean dagoen sintomen formularioa bete behar du. “Baliabide telematikoak erabiltzeko gaitasunik ez badute, osasun zentrora deitu ahal izango dute. Baina webak izan behar du bide nagusia, zitazioak bizkorragoak izango direla bermatzeko”.
Bestalde, orain arte, farmaziako antigeno proba batean positibo ematen zuenari eskatzen zitzaion osasun sistemari jakinarazteko, baina, hemendik aurrera, farmazian egindako proba batean positibo ematen duena etxean bakartu beharko da, baina ez dio Osakidetzari jakinarazi beharko. Dena dela, sintomek okerrera egingo balute, Lehen Arretan artatuko lukete: “Baja bat kudeatzeko pertsonak baieztapena behar badu, webguneko formularioa bete behar da, botikako testari buruzkoa, positiboa dela baieztatzeko”.
Txertaketari dagokionez, sailburuak berriro egin du deia txertoa jartzeko, bai 5-11 urteko kolektiboarentzat, bai errefortzu dosirako 45 urtetik gorakoentzat, baita aurretik txertorik hartu ez duten guztientzat ere. Osakidetza 40 urtetik gorako pertsonei txertoak jartzeko hitzorduak ematen hasi da indartze dosia emateko.