Artibai bailarako herritarrak Durangon txertatzea onartu du Osasun Sailak
Astelehenean hasi ziren Artibai bailarako herritarrak Durangon txertatzen. Hasiera batean helduenei eman dizkiete Durangon txertatzeko hitzorduak, eta progresiboki gainerakoei ere emango dizkietela esan dute.
Orain arte Osakidetzak Durangora, Galdakao-Usansoloko ospitalera edo Gernika-Lumora joateko eskatzen zien Lea-Artibaiko herritarrei. Baina horrek Artibai bailarako herritar askoren kexa eragin zuen. Izan ere, Galdakao-Usansoloko ospitalera edo Gernika-Lumora joateko bidea luze egiten zela zioten. “Gainera, Gernika-Lumora garraio publikoan joateko autobus aldaketa egin behar da”. Horren aurrean, Artibai bailarako udalek bailarako herritarrak “ahalik eta hurbilen” txertatzeko eskaera luzatu zioten Osasun sailari, eta azken horrek onartu egin du.
Hala, astelehenaz geroztik [urtarrilak 10] Artibai bailarako herritar batzuei Durangon txertatzeko txandak ari dira ematen. Zehaztu dutenez, hasiera batean helduenei ari dira Durangon txertatzeko txanda ematen. “Astelehenean [urtarrilak 10] hasi ziren bailarako helduenei txandak ematen, eta progresiboki gainerakoei ere Durangon txertatzeko txandak emango zaizkie”, esan dute Osasun saileko ordezkariek. Osakidetzak gune berri bat ipini du Durangoko Espezialitateen Anbulategian, eta han ari dira txertatzen.