Nahia Quincocesek Euskal Herriko Kronoesprint Txapelketa irabazi du
Mendexarrak 27 minutu eta 50 segundoko denboragaz irabazi du txapelketa. Ia bost minutuko aldea atera zion bigarrenari.
Mendexarrak eta Iñigo Martinez de Albornoz donostiarrak irabazi dute Euskal Herriko Kronoesprint Txapelketa asteburuan, Candanchun (Aragoi, Espainia). Zapatu gaueko [urtarrilak 8] kronosprintean 45 eskiatzailek parte hartu zuten. Horiek, 30 sedundoko tarteagaz banaka irtenda launa igoera eta jaitsiera –horietatik bi oinez, motxilan eskiak eramanda– eta zazpi trantsizioko ibilbidea egin zuten.
Quincocesek 27 minutu eta 50 segundoko denboragaz irabazi du txapelketa. Ia bost minutuko aldea atera zion bigarrenari. Leire Ezpeleta geratu zen txapeldunorde, proba 32 minutu eta 33 segundotan amaituta, eta Lur Basterretxea sailkatu zen hirugarren postuan (37.19).
Quicoces: “Beste urte batzuekin alderatuta, ez nintzen heldu hain buru-belarri prestatuta. Gustura geratu nintzen egindako karreragaz”
Gizonezkoen podiumari dagokionez, 21 minutu eta 20 segundotan burutu zuen proba txapeldunak, eta harengandik ia hiru minutura Jon Ander Aranburuk (24.16). 20 segundoko aldea baino ez zen egon bigarren eta hirugarren sailkatuen artean. Rafa Urbizuk osatu zuen podiuma (24.36).
Proba “oso polita” izan zela dio kirolari mendexarrak, eta txapela lortuta, “pozik” dago: “Ahalik eta ondoen egitera irten nintzen, besteen erreferentziak oso ondo jakin barik. Beste urte batzuekin alderatuta, ez nintzen heldu hain buru-belarri prestatuta. Gustura geratu nintzen egindako karreragaz”.
Euskal Herriko banakako txapelketa eta bertikala otsailaren 19an eta 20an jokatuko dituzte Izaban, eta han ere ariko da Quincoces. Proba luzeagoa izango da, eta “printzipioz, gogorra”. Bestalde, datorren astean Espainiako Koparen bigarren proban parte hartuko du, Panticosan.
Mendexarrak dio lasterketa luzeetan laburretan baino gehiago gozatzen duela
Lasterketa luzeagoak, distantzia luzekoak dira bere aurtengo helburuak, Grande Course nazioarteko zirkuitukoak, alegia. Martxoan parte hartuko du horietan: “Pirinioetan eta Alpeetan lehiatzen ditugun etapaz osatutako karrerak dira, gogorrak eta politak. Gehien gustatzen zaizkidanak horiek dira, eta momentu honetan niri hobeto egokitzen zaizkidanak”. Horietan laburretan baino gehiago gozatzen du. Pierra Menta (martxoak 9-13), Altitoy (martxoak 19 eta 20), eta Tour du Rutor (martxoaren 31tik apirilaren 2ra) lehiatzea aurreikusi du.
Mendexarrak iazko apirilean iragarri zuen Munduko Kopako probak lehiatzeari utziko ziola.