Aritz Erkiaga: "Lehenengoak baino ilusio gehiago egin dit bigarren txapel honek"
Banakako txapelduna da puntista ispastertarra. Banakako bigarren txapela izan da beretzat, 2013. urtean Egigurenen kontra lortu baitzuen lehenengoa.
Imanol Lopezek eta biok barikuan jokatu zenuten finala. Zelako partidua izan zen?
Nik ez nuen nahi hain fisikoa izatea, eta berak ere ez dut uste. Biok nahi genituen tantoak arin amaitu; banakako partidu batean normalena izaten da partidua ez luzatzea askorik. Izan ere, frontoia nahiz eta normalean baino txikiagoa izan, leku asko baitago kubritzeko. Hori izan zen biok erabili genuen taktika; aurkaria mugiaraztea eta errematea bilatzea.
Bi setak aztertuta, bietan ere behetik gora joan zinen zu. Galtzen hasita, markagailua iraulita nagusitu zinen. Zer izan zen irabazteko gakoa?
Aurreko entrenamenduetan erabaki genuen pilota bizia komeni zitzaigula. Hasieran otzaran zegoen bizi bat hartu nuen, baina tantoak erremate askokoak eta peloteo gutxikokoak zirenez, 11 eta 7 gindoazela, erabaki nuen bere pilota erabiltzea, gehiago erabilita zegoelako, biok batera bizitu genuelako. Uste dut hor egon zela gakoa, bion pilota erabilita, berak min gutxiago egiten baitzuen, eta errematerako aukera gehiago eduki bainuen.
Lehenengo setaren azken tantoak polemika eragin zuen. Zuk zelan ikusi zenuen? Gerora ze irakurketa egin duzu?
Partiduko tanto horreek ikusi ditut. Telebistan ez da igartzen ez ona ez txarra izan zenik. Bertan momentuan ona zela ikusi nuen. Publikoan egon zen jendeagaz berba egin dut, eta txaparik ez zutela entzun esan didate. Egia da frontoi eta pilota desberdinekin hormak ere beste zarata batzuk egiten dituela, baina, agian, ez dauka zertan txapa izan. Berak txapa izan zela ikusi zuen; bakoitzak bere ikuspuntua eta bere iritzia dauka hor.
Bigarren seta zelan gogoratzen duzu?
Lehenengo setaren polemika eta gero, ez dakit bera kontzentratuta irten zen edo ez. Nik neuk partiduan buru-belarri jarraitu nuen, eta agian, berari bai eragin zion.
“Finala da txapelketan jokatu dudan partidurik txarrena. Banakako partidu batean oso gaitza da gustura amaitzea, tanto askotara behartuta joaten bai zara”
Orokorrean, txapelketan joko aldetik gustura geratu zara?
Lehenengo partidua, Olhanaren kontrakoa, fisikoki oso-oso gogorra izan zen, erremate gutxikoa. Fisikoki ez nintzen onenean sentitu, baina taktikoki eta jokoagaz gustura aritu nintzen. Hori izan zen garaipenik garrantzitsuena eta txapelketan poz gehien eman didana. Arberen kontrako finalerdian, bagenekien ez zela piloteo askorik egongo, biok garelako errematatze zaleak. Finala da txapelketan jokatu dudan partidurik txarrena, hutsegite lelo asko egin nituen, eta erremate pare bat, horma-biko batzuk kanpora bota nituen, eta berak hartu egin zituen, eta tantoak egin zituen. Banakako partidu batean oso gaitza da gustura amaitzea, tanto askotara behartuta joaten bai zara. Baina, txapelketa guztia kontutan hartuta, gustura geratu naiz.
Beraz, txapelketaren zelako balorazioa egin duzu?
Oso ona. Hasieran ez nuen eduki gauza handirik egiteko asmo handirik. Koadroa eta zein aurkari egokitu ahal zitzaidan ikusita, pentsatzen dut gogorrena izan dela. Pentsatu nuen lehenengo partidua galduz gero ez zela ezer pasatuko. Ez nintzen faborito ikusi, eta presio barik irten nintzen. Partidu hura irabazita txapela irabazteko aukerak eduki nitzakeela ikusi nuen.
2013an irabazi zenuen banakako lehenengo txapela. Zeinek egin dizu ilusio gehiago?
Hiru final jokatu ditut; 2017an, Bilbon, Lopezen kontra galdu nuen finala, tanto bategatik, gainera. Lehenengoak ilusioa egin zidan, askogatik galtzen joan nintzelako, eta ez zelako izan partidu erraza. Partiduari buelta emateak egin zidan ilusioa. Baina, oraingoak gehiago egin dit. Ispaster guztia joan zen, eta Berriatuan ere lagun asko dauzkat, pila bat animatu naute, eta bai eduki nuen gogoa irabazteko. Ilusioa egiten du halako animoekin jokatzeak.
“Orain gorputza gehiago ezagutzen dut, badakit zelan jokatu, eta agian, urduritasun gutxiago daukat”
2013ko final hartatik, pilotari bezala zenbat hazi eta zertan hobetu zara? Alde handia igartzen duzu?
Miamin jokatzeak haztea eragiten dizu. Urte horietan egunero jokatzen aritu naiz; Goiko, Lopez eta agian jendeak ezagutzen ez dituen, baina kinieletan maila oso altua daukatenen kontra egunero jokatzean, ikasi egin behar duzu, edo bestela ez duzu bat ere irabazten. Egunero horrela arituta, mailaz igotzen zara. Orduan 26 urtegaz, zure buruagaz presio gehiago daukazu, eta ez da ondo erregulatzen. Orain gorputza gehiago ezagutzen dut, badakit zelan jokatu, eta agian, urduritasun gutxiago daukat.
Denboraldiko garaipen denetatik zein da zuretzat bereziena?
Gernikako txapelketak ilusio asko egin zidan, Lekegaz jokatu nuen, eta harreman oso ona daukagu. Iparraldeko garaipenak gehiago izan dira betebeharrak edo. Lehenengo sailkapenean ez, baina, gero, behin Grand Slametara heldu ginenean, Lopezegaz tokatuta, derrigorra zen irabaztea. Irabazi egin behar genuenaren presioa neukan, onenagaz jokatzen nengoelako. Poza bai eman zidaten, baina ez ilusio askorik. Eta lehen esan dudan moduan, banakako honek ilusio handia egin dit.