Tuterako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak, Lea-Artibai eta Mutrikun
Sara Pinaren hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak gaur egin dituzte Markina-Xemeinen eta Ondarroan; bihar Aulestin, Lekeition eta Mutrikun egingo dituzte, eta etzi Munitibarren. 2022an Euskal Herrian indarkeria matxistagatik hil duten lehenengo emakumea da Pina.
Lea-Artibai eta Mutrikuko zenbait talde feministek eta udalek astelehenean [urtarrilak 10] Tuteran hilda agertu zen Sara Pinaren heriotza salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte; Markina-Xemeinen eta Ondarroan gaur [urtarrilak 12] egin dituzte elkarretaratzeak:
- Aulesti. Elkarretaratzea eguenean [urtarrilak 13] egingo da, 19:00etan, plazan; mobilizazioa Erailketa matxistarik ez! Tuterako eraildako emakumea gogoan, kaleak hartu! lelopean egingo da.
- Lekeitio. Potxuak Martxanek deituta, elkarretaratzea eguenean [urtarrilak 13] egingo da, 18:30ean, Eskolapean.
- Munitibar. Udalak deituta, elkarretaratzea barikuan [urtarrilak 14] egingo dute, 19:00etan, bidegurutzean.
- Mutriku: EMAk deituta, eguenean [urtarrilak 13] egingo da elkarretaratzea, 19:00etan, Goiko Plazan. Udalak ere bat egin du herriko talde feministak egindako deialdiarekin.
- Etxebarria: Emare talde feministak antolatuta, barikuan [urtarrilak 14] egingo da elkarretaratzea, 19:00etan, udaletxe aurrean.
Gertaera. Astelehen goizean [urtarrilak 10] 38 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten foruzainek eta suhiltzaileek Tuterako bere etxebizitzan. Labanaz egindako zauriak zituen hilotzak, eta emakumearen senarra izan da susmagarri nagusia. Nafarroako Auzitegi Nagusiak gizona atxilotzeko agindua eman zuen. Izan ere, ikerketaren hipotesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea. Martitzenean [urtarrilak 11] Bordeletik 65 kilometrotara dagoen Boisredon herrian (Frantzia) atxilotu zuten hilda aurkitutako emakumearen senarra.
2022an Euskal Herrian indarkeria matxistagatik hil duten lehenengo emakumea litzateke Sara Pina Ieregi, sortzez Cortesekoa, Tuteran bizi eta Castejonen irakasle zebilena. 2003tik Euskal Herrian eraildako 113. emakumea litzateke .