Lehia bizia dakar Trinketeko Beteranoen Txapelketako bigarren jardunaldiak
09:30ean hasiko dira domekako [urtarrilak 16] norgehiagokak. Hiru partida jokatuko dira.
Beteranoen Trinkete Txapelketako beste hiru partida jokatuko dira domekan [urtarrilak 16] Lekeitioko trinketean. 09:30ean hasiko da txapelketako bigarren jardunaldia, eta Gandiaga anaiak (Berriatua) eta Malax (Mendata)- Madariaga (Eibar) bikoteak neurtuko dira lehendabizi.
2020ko txapeldunak izanik, Berriatuko Gandiaga anaiak dira faboritoak. Txapelketa, gainera garaipenagaz hasi dute. hala ere, Malax eta Madariagak bikote sendoa osatzen dutela azaldu dute txapelketaren antolatzaileek, eta, beraz, ezustekoa eman dezakete.
Bigarren norgahiagokari 10:30ean emango diote hasiera. Asti (Deba) eta Beraza (Elgoibar) eta Martin eta Foster lekeitiarrak aurkituko dira aurrez aurre trinketeko kantxan. Lekeitiarrak sendo ibili ziren lehen ekitaldian, baina azkenerantz nekea nabaritu zuten. “Aurrean beterano bi izango dituzte, eta abiadura eta pazientzia erakutsi beharko dute partida aurrera ateratzeko”.
11:30ean hasiko den azken partidan ere ez da emoziorik faltako. Izan ere, Jaunarena (Gartzaron-Nafarroa)-Pradera (Mallabia) eta Rober (Bergara)-Egaña (Mendaro) bikoteen arteko lehia bigarren jardunaldiko orekatuena izan daiteke, eta, beraz, ezin daiteke jakin markagailuak noren alde egingo duen. “Hezetasunik ez badago tanto bikainak eta luzeak ikusteko aukera izango dugu. Jaunarena aurrean artista da, pilotari efektu asko ematen diona, eta atzean, toke handia duen eta kantxa guztia betetzen duen mallabitarra dauka. Baina Rober txapelketako prestaketa fisiko onena daukana da, eta atzean mendaroar jotzaile ona dauka”.