Xistera Zirkuitua Markina-Xemeinen erabakiko da
Zirkuituko finalak jokatuko dira zapatuan [urtarrilak 15] Uni frontoian. Lea-Artibai eta Mutrikuko puntistak daude finaletan.
Markina-Xemeingo Uni frontoiak hartuko ditu zapatuan [urtarrilak 15], 16:30etik aurrera, Xistera Zirkuituko finalak. Mutilen hirugarren maila, Mutilen bigarren maila, Nesken eta Mutilen lehen mailako txapeldunak erabakiko dira bertan.
Sarritan finaletan egoten diren Antxon etxebarritarrak eta Manzi mutrikuarrak jokatuko dute mutilen lehen mailako finala. Bixente (Iparralde) eta Uranga (Zumaia) izango dituzte aurrez aurre. Nesketan ere final handia espero da. Izan ere, munduko txapeldun geratu diren Eneritz Lizardi mutrikuarra eta Maite Ortiz de Mendibil (Gasteiz) ailegatu dira finalera, eta elkarren kontra ariko dira. Naia Calvo berriatuarra izango du bikote Maitek eta Eneritzen bikotea Naroa Merino (Tolosa) izango da. Merinok eta Lizardik irabazi zuten 2019ko Xistera Zirkuitua, beraz, emoziorik ez da faltako.
Mutilen hirugarren mailako finalarekin hasiko da, baina, zapatuko pilota jaialdia. Bertan, Bonin eta Cabanillas, Javier eta Larrazabalen aurka ariko dira zein baino zein gehiago, txapela lortzeko borrokan.
Hirugarren mailako finalaren ostean, Bigarren mailakoen txanda izango da. Eñaut eta Iparragirre mutrikuarrak Aitzol eta Garate izango dituzte aurkari. Nesken finala jokatuko da ondoren, eta azkena mutilen Lehen mailako partida izango da.
Sarrera doakoa izango da, eta beraz, frontoira joatera animatzeko deia egin dute antolatzaileek.
Ohikora buelta. COVID-19a dela eta, 2020an zirkuitua bertan behera geratu bazen ere, 2021ean zirkuitua martxan jartzeko ahalegina egin du Xisterak, puntistei jokatzeko aukera bat eman asmoz. Aitor Txurruka Xisterako lehendakariak azaldu duenez, 2020ko zailtasunak arindu diren arren, pandemia egoera dela eta, ohiko txapelketa antolatzeko aukerarik ez dute eduki. Horrela, txapelketa laburragoa izan da; azaroan eta abenduan jokatu dira 2021eko Xistera Zirkuituko norgehiagokak, eta final handia zapatuan izango da. Aurtengo helburua 2019ko zirkuituaren eredura bueltatu eta ohiko egitaraua berreskuratzea dutela azpimarratu du Txurrukak.