Pentsiodunen mugimendua: "Gure mobilizazioek eragotzi dute aurreikusitako beste murrizketa batzuk onartzea"
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren deiagaz bat eginda Ondarroan egin den eskualde mailako manifestazioak agerian utzi ditu onartu berri den pentsioen erreformaren gabeziak: "Gure erosketa ahalmena %3 baino gehiago murriztuko du".
375 pentsiodun eta pentsiodun ez diren herritar batu dira gaur eguerdian [urtarrilak 15], Ondarroan, Euskal Herriko Mugimenduaren laugarren urteurrena ospatzeko eta eskaerak lortu arte borrokan jarraituko dutela gogorarazteko. Lea-Artibaiko eta Mutrikuko pentsiodunen ordezkariak buruan zirela abiatu da manifestazioa Zaldupeko Zubitik, 12:00etan. Handik Alamedarainoko ibilbidea egin dute, bi lerrotan banatuta, aldarrikapenez aldarrikapen.
“Lau urteotan lortu dugu Pentsioen Birbalorazioa Indizea (%25) eta Iraunkortasun Faktorea bertan behera lagatzea. Gizarte Segurantzaren sistema publikoa guztiz bideragarria dela erakutsi dugu, eta gure mobilizazioek eragotzi dute aurreikusitako beste murrizketa batzuk onartzea”, adierazi dute Alamedan egin duten ekitaldian. Izandako lorpenekin harro daudela, baina oraindik asko dagoela lortzeko esan dute: “Espainiako Kongresuan berresteko dagoen lan erreformak ez ditu PPren erreformak indargabetzen. Gure erosteko ahalmena %3 baino gehiago murriztuko du, gutxieneko pentsio miserableak betikotzen ditu eta murrizketa gehiago jasotzen ditu”.
Agintariek eskaerak bete arte borrokan jarraituko dute pentsiodunek, eta datorren astelehenean 12:00etan ohiko lekuetan mobilizatzera deitu dute.
Horregatik, Espainiako Gobernuari eta haren euskarri diren alderdiei eskatu diete azken pentsioen erreformen alderdi atzerakoiak behingoz indargabetzea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioak; 2021eko ordainketan KPI errealen igoera ezartzea, 2011ko erreforma aurretik egiten zen moduan eta PPren lan erreforma benetan indargabetzea. Hego Euskal Herriko gobernuei gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatzeko eta pentsiodunen aldarrikapenak babesteko eskaera egin diete.
Bestalde, Lekeitioko pentsiodunek Lekeition bertan egin dute manifestazioa, gaurko eta biharko pentsio duin eta publikoak defenditu dituzte laugarren urteurren ekintzekin bat eginez.
Astelehenerako deia. Agintariek eskaerak bete arte borrokan jarraituko dute pentsiodunek, eta datorren astelehenean 12:00etan ohiko lekuetan mobilizatzera deitu dute.