Sarrera gutxi geratzen dira Markina-Xemeingo pilota jaialdirako
EPELen Eskuz Binakako Txapelketako partida jokatuko da zapatuan [urtarrilak 22] Uni frontoian. Laso-Imaz eta Peña II-Albisu neurtuko dira. Omenaldi txiki bat ere egingo diote Aretxabaletagaz batera aurreko partida jokatuko duen Bengoetxeari.
Azken sarrerak geratzen dira zapatuan [urtarrilak 22] Markina-Xemeinen jokatuko den EPELen Binakako Esku Pilota Txapelketako partidurako. Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldekoek jakitera eman dutenez, sarrerak Entradas fronton web orrialdean eskuratu daitezke. Horrez gain, partidaren egunean bertan Uni frontoiko leihatilan ere egongo dira, eta esku pilota taldeko kideekin kontaktuan jarrita lortu daitezkeela ere zehaztu dute.
COVID-19 pandemia dela-eta frontoiko edukiera mugatuta dagoenez, eta zutik ere ezin denez partida ikusi, sarrerak 30 euroko prezio bakarrean jarri beharrean egon direla jakitera eman dute Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldekoek, bideragarria izateko. “600 laguneko aforoa daukagu, eta hortik 500 sarrera jarri ditugu salgai. Besteak antolatzaile eta gonbidatuentzako dira, eskolako umeak, prentsa eta beste batzuk”, argitu du Abel Calvo Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko presidenteak. Zehaztu duenez, ez dira geratzen sarrera asko, “%85 saldu dira”.
Laso-Imaz eta Peña II-Albisu neurtuko dira Markina-Xemeinen zapatuan, eta partida ikusgarria izango dela aurreikusten du Calvok. “Bikote biek garaipenak lortu dituzte asteburuan, eta maila ona erakusten ari dira”. Izan ere, Lasok eta Imazek seigarren puntua eskuratu dute asteburuan Urrutikoetxeari eta Arangureni 22-17 irabazita, eta Peña II.k eta Albisuk garaipen oso sendoa lortu dute Jakaren eta Mariezkurrena II.aren aurka Ogetan, laugarren puntua lortuz.
Pilotariak eguenean [urtarrilak 20] ere etorriko dira Markina-Xemeinera; egun horretan egingo dute zapatuko partidarako pilota aukeraketa.
Omenaldia. Binakako Txapelketaren partidagaz gainera, Bengoetxea VI-Aretxabaleta eta Elordi-Bikuña bikoteen arteko norgehiagoka ere egongo da, eta Bengoetxeari omenaldi txiki bat egiteko asmoa daukatela aitatu du Calvok. “Pasilloa egingo diogu, eta Markina-Xemeingo Udaleko ordezkari batek opari bat emango dio”.
Omenaldiagaz gainera, Andoni Aretxabaleta pilotari markina-xemeindarra eta Berriatuagaz lotura estua duen Aitor Elordi pilotariak ikusteko aukera egongo da.
Zozketa. Beste alde batetik, Markina-Xemeingo Udalak, sarrera bikoitz bat zozkatuko du Markina-Xemeinen jokatuko den Eskuz Binakako Txapelketako partidarako. Zozketan parte hartzeko hiru bide daude: telefonoz deituta 94-616 74 54 zenbakira, udaletxeko bulegoan izena emanda aurrez aurre edota emailez komunikazioa@markina-xemein.eus helbidera idatzita. Argitu dutenez, ezinbestekoa da Markina-Xemeinen erroldatuta egotea eta izen abizenak eta telefonoa zehaztu behar dira.