Eraztun berdea osatzen jarraituko du Lekeitiok
Arropaineraino joango den oinezkoentzako bidea osatzeko lanak esleitu ditu Lekeitioko Udalak.
Eluntzeta eta Arropaingo ur araztegia saihesbideagaz bat egin eta oinezkoen ibilbidea osatzeko proiektua esleitu du Lekeitioko Udalak. Proiektuak gune bi hartzen ditu: alde batetik, Eluntzetatik aparkalekura doan bidea eta, bestetik, Arropain eta Lea Ibilbidea lotzeko tartea.
Udalaren helburua da Lekeitio inguratuko duen eraztun bat gauzatzea ibilbide berde bat osatuz, Santa Katalinako itsasargitik saihesbidearen ingurunea igaro eta Arropainera arte. Horretarako, gaur egun oinezkoentzako seguruak ez diren bide zatiak egokituko dituzte seguruak bihurtzeko. Horrela, Ehuntzetatik aparkalekura doan bidea, garai bateko Ispasterrerako errepidea zen eremua, oinezkoentzat egokitzeko lanak egingo dituzte, eta Arropain eta Lea Ibilbidea lotzeko ere oinezkoentzako bide bat egiteko asmoa ere badaukate.
Bizkaiko Foru Aldundiak saihesbidearen inguruan dauden lursailen lagapena egin zion udalari joan den urrian, urteetako eskaerari erantzunez.
Proiektu hori udalak aurretik egindako beste batzuen jarraipena da. Izan ere, 2015 urtean itsasertzeko pasealekua berreskuratzen hasi zen udala, portuko olatu hormaren eta Santa Katalina etorbidearen hasieraren artean. Horrez gain, Santa Katalina etorbidean 170 metroko espaloia eraiki zuten, eta hurrengo urteetan itsasargira doan pasealekuagaz jarraitu eta horren amaieran zegoen espaloi zatiagaz lotu zuten, guztira 1.146 metroko espaloia eginez.