Birziklatutako materialekin egindako artelanen erakusketa zabalduko dute Lekeition
Amaia Aberasturi artista bizkaitarrak jarriko du erakusketa urtarrilaren 21etik 30era, Eskolape Aretoan. Eguzkiloreez gain, espreski Lekeitiorako egindako egurrezko lanak ere ikusgai jarriko ditu.
Eguzkiloreak eta gehio izenburupean, Mutrikun bizi den artista bizkaitarrak hilabeteak atzerago Mutrikun eta Ondarroan ikusgai edukitako erakusketa eramango du Lekeitiora. Aberasturik aurreratu duenez, 150 pieza inguru jarriko ditu ikusgai, Eskolape Aretoan; eguzkiloreak eta bestelako artelanak egongo dira ikusgai. Urtarrilaren 21etik 30era, ondoko ordutegian egongo da zabalik erakusketa: astelehenetik barikura 17:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Ondarroan erakusketa jarri zuenetik eguzkilore gehiago egin dituela dio Aberasturik. “Horiez gain, espreski Lekeitiorako egindako egurrezko piezak ere egongo dira”. Beste herrietan egin modura, erakusketan ikusgai egongo diren piezak salgai ere egongo dira.
Materiala. Aberasturik kostaldean batutako egur eta bestelako materialekin egiten ditu piezak; berrerabili eta artelan txukunak sortzen ditu.