Ekitaldi berezia, Lekeitioko K13 kioskoari agur esateko
Zortzi urtetako ibilbideari amaiera eman nahi izan zion K13 kioskoa eraman duen Xabi Ulaziak, bertatik igaro diren bezero, lagun eta herritarrekin batera. Musika eta bertsoak egon ziren Lekeitioko Azkue Ikastolako frontoian.
Lekeitioko plazako K13 kioskoaren agur ekitaldia egin zen zapatuan [urtarrilak 15] Lekeitioko Azkue Ikastolako frontoian. Zortzi urtetako ibilbideari amaiera eman nahi izan zion Xabi Ulaziak, bertatik igaro diren bezero, lagun eta herritarrekin batera. Horiei guztiei esker ona emateko bertso eta musikagaz girotutako ekitaldi berezia antolatu zuen. Josune Aramendi, Xabat Galletebeitia eta Sustrai Colina bertsolariek eta Nabil, Txalainak, Rojo Cancionero eta Irai taldeek parte hartu zuten agur ekitaldi berezian. Giro polita, baina batez ere hunkigarria izan zen nagusi.
Martxan hasi zenetik, kultur ekimenik ez da falta izan K13 kioskoan. Era askotako zuzeneko emanaldiak antolatu ditu Ulaziak. Beste askoren artean Josu Bergara, Petti, Napoka Iria, Bikustik egon dira bertan, baita bertsolariak ere, Amets Arzallus eta Sustrai Colina besteak beste. Argazki lehiaketa bat ere jarri zuten martxan eta antzerkiak ere izan du bere lekua kioskoan.