Tabernak ere lagunkoiak izango dira Lekeition
Lekeitio Lagunkoia ekimenagaz bat egin dute herriko ostalariek adineko pertsonei komunen erabilera erraztuz.
Lekeitio Lagunkoia ekimenetik egindako proposamenagaz bat egin dute udalerriko tabernek, eta horrela, pertsona nagusiek Lekeitioko tabernetako komunak erabili ahal izango dituzte kontsumitu behar izan barik.
Leku askotan komun publikorik ez dagoela-eta, beharrizan horren falta adierazi zuten Lekeitioko nagusiek Lekeitio lagunkoia ekimenak egin zuen herriko diagnosian, eta eskaera horri erantzuna eman nahirik zuzendu dira herriko ostalariengana. Isabel Mendiguren Laka Lekeitioko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotziak azaldu duenez, askotan nagusiak ez dira eroso sentitzen establezimendu bateko komuna erabiltzen ezer kontsumitu barik edota momentu horretan ez daramate diru nahikorik kontsumitzeko. Hori dela eta, Lekeitio Lagunkoia ekimenaren baitan Taberna Lagunkoia ekimena jarri zuten abian.
Ekimenagaz bat egin duten establezimenduak identifikatuta egongo dira Taberna Lagunkoia jartzen duen eranskailu bategaz. Ekimenean diharduten boluntarioak taberna eta dastategietatik igaro dira jada eranskailuak jartzeko. Mendigurenek azpimarratu duenez, harrera oso ona eduki du proposamenak.
Lekeitio Lagunkoia. 2017an abiatu zen Lekeitio Lagunkoia ekimena Lekeitioko Udalaren eskutik eta boluntario talde baten bultzadagaz egin du aurrera. Ekimena Lekeitio adin guztientzako lagunkoia izatea du helburu, prozesu parte hartzaile eta ekintzaile baten bidez. Horrela, herriko esparru ezberdinetako diagnosia egin ondoren, ekintza plana diseinatu eta jarri zuten martxan. Era horretan, hainbat ekimen eraman dituzte aurrera, herriko eragile ezberdinekin elkarlanean.