Udal tasak eta zergak aho batez eguneratu dituzte Ispasterren
Ispasterko Udalak 2022. urterako udal tasak eta zergak igo ditu. Horien eguneraketa onartzeko osoko bilkura urrian egin zuten, eta aho batez onartu zituzten.
Zabor bilketaren tasak 1,5 euro igo dute. “Etxez etxeko zabor bilketa egiteak udalari suposatzen dion gastuaren araberako igoera da. Beti esan izan dugu parekatzera heldu nahi dugula, eta irizpide horren arabera eguneratu dugu”, azaldu du GarbiƱe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak.
Udalak Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera igo ditu Estolderia, hilerria, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Gaineko Zerga eta beste hainbat tasa. “Hau da, abuztutik abuztura izan den aldaketa hartu dugu kontuan”. Gutxi gorabehera %3,3ko igoera ezarri diete horiei.
Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga igotzeko inguruko bederatzi udalerri txikitako kopuruak aztertu dituztela esan du alkateak, eta horren arabera zehaztu dute. Orokorra %0,0829 igo dute, komertzioena %0,1486, industriakoa 0,3096 eta gainontzekoek %0, 1106. “Aurreko legealdian esan genuen ez genuela Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga aldatuko, eta emandako hitza bete genuen. Legealdia pasatu zen, eta aurten proposatu duguna izan da inguruko udalerrien artean konparaketa egin ostean, batezbestekoa ateratzea eta hori ezartzea. Hala ere, batezbestekoak atera aurretik zehaztu genuen kasuren batean batazbestekoa lehendik zegoena baino baxuagoa balitz, bere horretan mantenduko genuela”, zehaztu du alkateak.