Lea-Artibain abiarazi dute Bizkaiko lehenengo Ekiola energia kooperatiba
Eskualdeko 450 familiarentzako energia sortuko duen eguzki parke fotovoltaiko bat egiteko asmoa dauka kooperatibak Etxebarriko lurretan. Kooperatibagaz bat egin duten herriak dira Etxebarria, Markina-Xemein, Ispaster eta Berriatua.
Lea-Artibain eratuko den Ekiola energia-kooperatiba martxan jartzeko lehen urratsa eman da gaur [urtarrilak 20]. Etxebarriko, Berriatuko, Ispasterko eta Markina-Xemeingo alkateak Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiagaz eta Amagoia Barandiaran Ekiola kooperatibako zuzendariagaz batu dira Etxebarriko udaletxean, hasierako protokoloa sinatzeko. Eskualdean bertan energia berriztagarri propioa sortu eta kudeatuko duen Bizkaiko lehen eskualdea izango da Lea-Artibaikoa; eskualdeko 450 familiarentzako energia sortuko duen eguzki parke fotovoltaiko bat egiteko asmoa dauka kooperatibak Etxebarriko lurretan.
Ekitaldia Etxebarrian egin arren eskualdeko proiektu bat dela azpimarratu du Jesus Iriondo Lejardi Etxebarriko alkateak. «Eskualdeko familiak euren argindarra sortu eta kontsumituko dute inolako irabazi bariko kooperatiba baten bidez». Oraingoz, Berriatuko, Etxebarriko, Ispasterko eta Markina-Xemeingo udalerriek egin dute bat egitasmoagaz, baina proiektuak aurrera egin ahala eskualdeko beste herriak ere bat egitea ondo egongo litzatekeela ere gaineratu du Iriondok. “Seguru nago hala izango dela oso proiektu ona da eta».
“Eredu berri bat sortu dugu EEEk eta Kreanek, eta nahi dugu hemen oso errotuta dagoen eredu juridiko baten bitartez, kooperatiba baten bitartez, aurrera eraman”
Argindarra sortzen hasi zenean bezala, proiektu honek ere tokian tokiko energia sortzea duela helburu azaldu du EEEko zuzendariak. “Zentral handiak sortu zirenean ia-ia galdu egin genuen guk egindako sorkuntza. Eta orain, kontrako hausnarketa egiten hasi gara”. Hala ere, tamaina erdiko proiektu hauekin batera, sorkuntza handiko proiektuak derrigorrezkoak direla azaldu du: “Oso kontsumitzaile handiak gara, ikustea besterik ez dago berton, Eika, Nemak, Arrasate, Cikautxo bezalako enpresa handiek zelako energia handia behar duten, eta guk egindako sorkuntza proiektu txikiekin hori ezingo genuke ase”.
Lea-Artibaiko Ekiolaren energiaren hartzaileak, beraz, eskualdeko familiak izango dira. “Ekiola bezalako ekimenak, energia gure etxeetara hurbilduko du, eta gainera, bereizgarritasun bategaz, gure argindarraren sorkuntzaren jabe izatea. Guk sortu, guk kudeatu eta guk kontsumituko dugu”. Kooperatiba eredua aukeratu dute horretarako. “Eredu berri bat sortu dugu EEEk eta Kreanek, eta nahi dugu hemen oso errotuta dagoen eredu juridiko baten bitartez, kooperatiba baten bitartez, aurrera eraman”.
Gutxi gora-behera datorren urteko urtarrilean hasiko da Lea-Artibaiko Ekiola Lea-Artibaiko 450 familiari energia ematen
Ekiola proiektua fosiletatik energia berriztagarrietarako trantsizioa lortzera lagundu nahi duen eredu bat dela azaldu du jarraian, Ekiola kooperatibako zuzendariak. “Lurzoruetan jarriko dituzten eguzki plaka fotovoltaikoen instalakuntzak mega batetik 5 megara artekoak izango dira; Lea-Artibaikoa mega bateko proiektua izango da”, argitu du.
Protokoloa sinatuta, datorren astean, Lea-Artibaiko Kooperatiba elkartea eratuko dute. Barandiaranek azaldu duenez, bederatzi hilabete beharko dituzte erakunde ezberdinekin izapide administratiboak aurrera eramateko, eta irailean familiak kooperatibako bazkide egin ahal izateko epea zabalduko dutela aurreikusten dute. Hortik aurrera eraikuntza lanekin hasiko dira; hiru bat hilabete. Beraz, aurreikuspenen arabera, gutxi gora-behera datorren urteko urtarrilean hasiko da Lea-Artibaiko Ekiola Lea-Artibaiko 450 familiari energia ematen.