Lea Ibilbidearen proiektua aurkeztu dute FITURen
GR38 ardoaren eta arrainaren ibilbidearen parte den baliabide turistiko honen garrantzia azpimarratu dute.
Lekeitio eta Lea Ibarrako herrien artean garatutako Lea Ibilbidearen proiektua ezagutzera eman dute gaur [urtarrilak 20] Madrilen (Espainia) ospatzen ari den FITUR nazioarteko turismo azokan. GR38 ardoaren eta arrainaren ibilbidearen parte den baliabide turistiko horren garrantzia azpimarratu eta bere baliabide turistiko nagusiak –itsasoa, landa eremua, natura, kirola eta gastronomia– nabarmendu dituzte. “23 kilometroko ibilbide hau Lea ibaiaren ibarrean barrena doa eta Lekeition amaitzen da. Natura eta ondare aberastasun handia du, gure nortasunagaz eta historiarekin zerikusia duen produktu turistiko baten inguruan egituratzen dena: naturaz, ondareaz, itsasoaz eta, batez ere, lurraldeari lotutako jendeaz”.
Eusko Jaurlaritzak Lea Ibaiaren arro osoa Industria Paisaia gisa katalogatuta daukala ere ezagutzera eman dute: “Ondare aberatsa dauka gailu hidrauliko, presa, burdinola, errota, baserri edo dorre asko dituelako”.
Azaldu dute, gainera, Lea-Artibaiko udalerriak ahalegin handia egiten ari direla ondare natural eta kulturaleko baliabideak birgaitzeko eta horiei balioa emateko, bailara osoan ardatz turistiko bat antolatzeko. “Baliabide horietako batzuek ingurunea baliabide digitalen bidez interpretatzeko aukera ematen dute, garai berrien araberako zerbitzua eskainiz. Besteak beste Ziortzako monastegia, Bengolako interpretazio zentroa, Isurietako parkea, Lea ibaiko padurak, ibaiertzeko ontziolak bokalean, Marierrota marea-errota, Mendieta ontziola, Garraitz uhartea, Santa Katalinako itsasargia edota Lekeitioko alde zaharra, portua eta Andre Mariaren basilika”.
Lea Ibilbidearen proiektua, gainera, Eusko Jaurlaritzak datozen urteetan garatu beharreko Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Planeko bat dela azaldu dute. “Next Generation funtsen barnean, proiektu honek 2 milioi euroko laguntza jaso du hurrengo urteetan egingo diren lanak burutzeko”.
FITUR azokan aurkeztu dute baita ere, Lekeitioko ostatuek herriko baliabide nagusiak erakustera emateko sortutako spot edo iragarkia.