Yolanda Arrieta: "Liburua gazteei zuzenduta dago, gazte literaturzale edo gazte irakurzaleei"
‘Zerak’ izeneko eleberria kaleratu du Etxebarriko idazleak, zehatz-mehatz azaldu ezin izaten diren emozioei erreferentzia eginez. Testu labur bezain sakonen bidez islatu ditu zerak horiek liburuan.
Ataria (2019) eta Txokolategia (2020) fikziozko liburuen ostean, Zerak eleberria argitaratu du Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazle etxebarritarrak. «Txokolategia-k ez zeukan Ataria-gaz zerikusirik, baina liburu biek bazeukaten lotura txiki bat» azaldu du idazleak. Izan ere, liburu bietan etorkizuna eta iragana lotzen ditu istorioak. Zerak idazterakoan, berriz, beste bide batetik jo du idazleak, bai estilo zein gaien aldetik, emozioak edo zerak deritzen horiek dira liburuaren oinarri.
Liburua gazteei zuzenduta dago, gazte literaturzale edo gazte irakurzaleei. «DBHn gazte askok ez dute irakurtzen, baina badaude banaka batzuk irakurtzea gustuko dutenak, gauza asko irakurtzen dituztenak eta irakurketan helduak direnak; euren adinekoen gauzak irakurtzen dituzte, baina baita helduen gauzak ere irakurtzeko trebetasuna eta askotan idazteko trebetasuna ere badaukatelako».
“Orokorrean liburuak eta irakurketa ez dira gazteekin gehien lotzen direnak, hainbat faktoregatik”
Arrietak dionez, beti izaten dira «gelako bitxiak» edo «frikiak», baina gero urteekin prestigioa irabazten joaten dira, eta unibertsitate sasoian, 20 urte inguru dituztenean, jendeak euren ideiak eta ikuspegiak estimatu egiten ditu. Horiek izan zituen buruan Arrietak liburu berria idazterakoan. «Gauza asko gertatzen dira gazteak, literatura eta hezkuntza uztartzen direnean. Orokorrean liburuak eta irakurketa ez dira gazteekin gehien lotzen direnak, hainbat faktoregatik. Alde batetik, eurentzako ihesbide modu desberdinak daudelako eta gizarteak ere horrelakoak bultzatzen dituelako eta gustu artistiko eta literarioa ez delako lantzen behar den beste edo behar den moduan hezkuntzan. Izanak izan, orain frikitzat hartzen diren gazte irakurzale horientzat idatzi dut Zerak».
Alixi. Herrialde miresgarriko Aliziari keinu bat eginez, eleberriko protagonista Alixi Axi izeneko gaztea da. «Alixi letrazalea da, eta bere bizipenak kontatzen ditu idatziz, testu laburren bitartez». Izan ere, testu laburrak egiteko asmoa izan duela azaldu du Arrietak. «Batzuetan dira mikroipuinak, beste batzuetan elkarrizketak, olerkiak, narrazio poetikoak edo poesia narratiboak… Ez da derrigorra testuak jarraian irakurtzea, solte ere irakurri daitezke, baina jarraian irakurriz gero, azpian badago ildo bat, imajinatu egin daiteke zelakoa den Alixi. Era berean, testu laburren liburua ere badenez, testu bakoitza ere, berez, joko literario bat ere bada, solteka irakurtzeko». Testuak irakurtzeko errazak izan daitezen saiatu da, baina aldi berean sakonak. «Testuak labur laburrak dira, baina esangura osoz beterik daude».
«Zerak hori guk geuk ere ahoskoan askotan zehatz-mehatz izendagarria ez den gauza hori izendatzeko erabiltzen dugun hitza da; Alixiren gabeziak, irudipenak, beldurrak, zerak moduan izendatu ditut, eta horregaz jokatu dut”
Alixik bere gabeziak, bere beldurrak, bere ikuspegiak, bere eguneroko gertaerak, bere zerak kontatzen ditu testu horien bidez, hortik liburuaren izenburua. «Zerak hori guk geuk ere ahoskoan askotan zehatz-mehatz izendagarria ez den gauza hori izendatzeko erabiltzen dugun hitza da; Alixiren gabeziak, irudipenak, beldurrak, zerak moduan izendatu ditut, eta horregaz jokatu dut. Batzuetan gabeziak dira, beste batzuetan berari etxean gertatukoak, beste batzuetan berak ikusten dituen gauzak, bere txikitako oroitzapenak, eskolan gertatutako gauzak edo pasadizoak. Horiek guztiak idazmolde desberdinak erabiliz kontatzen ditu protagonistak».
Aipatu duenez, kontakizuna abiatzeko atzera begira jarri eta bere nerabezaroa oroitu du Arrietak. «Ahalegindu naiz ni neu nerabezaroan zelakoa nintzen oroitzen; zerk beldurtzen ninduen, zerk kezkatu eta zer neukan barruan bilatu dut».
Azal berezia. Azala ere esanahiz beterik dago. Aurpegirik ez duen pertsona baten irudia aukeratu du. «Ez dago nerabe klase bat, milaka daude eta, gainera, zer da gaztea izatea? Noiz hasten da bat gazte izaten eta noiz uzten dio gazte izateari? Horregatik nahi nuen denentzako baliagarria izan zitekeen irudi bat baina erakargarria izango zena eta gaztetasunagaz eta berritasunagaz eta bitxitasun edo desberdintasunagaz zerikusia zuena».
“Liburuan, pertsonaiaren garapen bat nabari da, badago heldutasun bat, eta ileak kasu horretan esanahi handia zeukan”
Liburuaren barruko aldean ere piktogramak gaineratu ditu testu bakoitzari laguntzeko, gutxian asko esatea nahi izan du-eta. «Testuak eta ipuinak idatzi ditut erantziz, kentzen-kentzen, eta azalean ere horren bila joan gara. Alaba zegoen diseinu grafikoko masterra egiten, eta beragaz ibili naiz azal egoki baten bila». Azalak izenburuagaz eta barruan kontatzen dituen testu labur horiekin eta horien formagaz eta erantziz janztearen molde horregaz lotura edukitzea bilatu du. «Gaztetasuna, berrikuntza, denentzako baina bakoitzarena, anonimo baina edozeinekin identifikatu daitekeen zerbait, hor mugitu gara azala bilatzeko orduan».
Azaleko irudiak ilea ere motzago du alde batetik bestetik baino, barruko testu biri erreferentzia eginez. «Bi ipuinetan ari da ileaz. Batean nahiz eta etxean ilea beti ilargi zehatz bat dagoenean moztu, berak ez moztea erabakitzen du. Azken baten, gurasoen ohiturei ezetza esatea da zure nerabetasun edo gaztaroaren baieztapena, familiakoa naiz, baina ni naiz». Bigarrenean, berak erabakitzen du bere buruari ilea moztea. «Ileordea daraman neska bat iristen da euren gelara, eta eurek ere ilea moztea erabakitzen dute, haren antzeko egoeran dagoen jendeari ileordeak egiten laguntzeko. Ile mozteak, beraz, badauka berrespen bat, ez naiz egoista bat, hau egiten dut kausa baten alde; jada ez dira purrustadaka dabiltzan gazteak. Beraz, liburuan, pertsonaiaren garapen bat nabari da, badago heldutasun bat, eta ileak kasu horretan esanahi handia zeukan, eta horregatik azalean ere ikutu bat dago».