Zahar etxeetako neurri batzuk arindu dituzte
Positibo ematen duten egoiliarren bakartze aldia zazpi egunera murriztu dute, eta txertatutako kontaktu estuak eguneko zentroetara joan ahalko dira. Neurri berriak gaur [urtarrilak 20] sartu dira indarrean.
Koronabirusaren seigarren olatuaren eragina zentro soziosanitarioetan ere igartzen hasi dira. Hala ere, egoiliar gehienak txertoaren hiru dosiak hartuta dituztenez, “transmisioa ez dela hainbeste zabaldu eta kutsatutako gehienek sintoma arinak” dituztela esan dute. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek arindu egin dituzte zahar etxeetako eta menpekotasun handia dutenen zentroetako protokoloak.
Neurri berrien arabera, positibo ematen duten egoiliarrek zazpi egunez egon beharko dute aurrerantzean bakartuta, eta ez hamar egunez, orain arte modura. Esan beharra dago, bakartze aldi horren luzera azken hiru egunetan sintomarik gabe daudenen artean hartuko dela kontuan; bestelakoan, prebentzio neurriak zorroztu beharko dituzte sintomak agertu direnetik hamar egunera arte, protokoloak zehazten duenez.
Txertatutako kontaktu estuek ere aukera edukiko dute eguneko zentroetara joateko. Zahar etxeetako kontaktu estuen kasuan, bestalde, gelatik atera eta ibilaldi “terapeutikoak” egin ahal izango dituzte, senide bategaz edo zentroko langile bategaz batera.
Datuak. Erakundeek emandako azken datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar etxeetan, gutxienez, 1.327 positibo erregistratu dituzte: 286 Arabako egoitzetan, 600 Bizkaikoetan eta 441 Gipuzkoakoetan.