Leire Mugerza mutrikuarra, Mondragon Korporazioko Kongresuko presidente
Mondragon Korporazioaren oinarrizko politikak definitzen dituen organoaren sorreratik kargu gorena hartu duen lehen emakumea da.
Urtarrilaren 14an egindako bileran, Mondragon Korporazioko Kongresuko Batzorde Iraunkorrak Leire Mugerza mutrikuarra izendatu zuen organo horretako zein Kongresuko presidente. Azken zazpi urteetan Javier Guenetxe izan da kargu hori eduki duena, eta Mugerzak hari hartu dio erreleboa. Mondragon Korporazioaren irizpide nagusiak edo oinarrizko politikak definitzen dituen organoaren sorreratik kargu gorena duen lehen emakumea da.
Mugerzak Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritza Mekanikoko ikasketak egin zituen eta, ondoren, Eikan eta Lea Artibai ikastetxean garatu du bere ibilbide profesionala. Tartean, Eika Taldeko zuzendaritzan, kooperatiba horretako zein Eroskiko Kontseilu Errektoreko presidente karguan eta, 2012az geroztik, Mondragon Korporazioko Batzorde Iraunkorrean aritu da. Dioenez, kooperatibetan egin duen ibilbideari esker sentitzen da kooperatibista. “Beti aipatzen dut Eikan egin nintzela kooperatibista”.
Mutrikuarrak “ohore” gisa hartu du Mondragon Korporazioko Kongresuko Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakia; arlo ezberdinetako esperientziarekin “ekarpena” egiteko asmoarekin hartu du kargua.
Jose Maria Arizmendiarrieta Mondragon Kooperatiben sortzailea ere gogoan izan du kargua hartu berritan: “Ezagutzen nauzuenok, badakizue ahal dudan guztietan aipatzen ditudala bere esaldi eta pentsamenduak, horiek gaur egun ere duten balioaz pentsatzen dudalako”.
Mugerzak “nortasun kooperatiboan, ingurunearekiko konpromisoan, jardueren aniztasunean eta lehiakortasunean” oinarritutako proiektua “sendotzen” laguntzeko asmoa duela adierazi du.