Sei bikotek jokatuko dute Jai Alai Winter Series txapelketa
Aritz Erkiaga ispastertarrak, Aimar eta Ibon Aldazabal berriatuarrek eta Jon Zabala eta Jokin Arbe markina-xemeindarrek jokatuko dute. Bi multzotan ariko dira ligaxkan, eta martxoaren 7an eta 14an erabakiko dira bikote finalistak.
Aurreko asteko Bilboko aurkezpenaren ostean, gaur eguerdian [urtarrilak 21] eman dituzte Jai Alai Winter Series txapelketaren xehetasunak, Ibarrangeluko Laga hondartzan.
Astelehen gauak eliteko zesta-puntaren ikuskizun bilakatuko dira ETB1enHamabi pilotari lehiatuko dira Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, eta horien artean daude Xabi Barandika, Diego Beaskoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa gernikarrak.
Bi multzotan banatuta, sei bikoteren arteko ligaxkagaz hasiko dute txapelketa. A multzoa honakoek osatuko dute: Barandika-Lekerika, Olharan-Etcheto eta Erkiaga-Zabala. B multzoan, berriz, Goikoetxea-Aimar, Arpe-Lopez eta Beaskoetxea-Aldazabal ariko dira.
Sei ordezko zehaztu dituzte: Hormaetxea, Ithurria, Laduche (aurrelariak), Basque, del Rio eta Manzisidor (atzelariak).
Urtarrilaren 29tik otsailaren 28ra jokatuko dituzte kanporaketaren sei jardunaldiak. Martxoaren 7an eta 14an izango dira finalerdiak, eta martxoaren 20an finala. Multzo bakoitzean puntu gehien pilatzen dituzten bina bikoteak ariko dira zein baino zein gehiago finalaurrekoetan.
Lehenengo jardunaldia eta finala asteburuz jokatuko badituzte ere, gainontzeko partiduak astelehenetan izango dira, eta ETB1en eskainiko dituzte. Lehenengo partidua eta finala publikoagaz izango dira, eta sarrerak Gernika Jai Alai Professionalen webgunean eskuratu ahalko dira martitzenetik aurrera [urtarrilak 25], 10 eurotan (+ 0,99 euro kudeaketa gastuak).
Barandika-Lekerika eta Erkiaga-Zabala bikoteen arteko partidua izango da ligaxkaren lehenengoa.
Jon Zabala atzelari markina-xemeindarrak neguko txapelketa honek zesta puntarentzat daukan garrantzia azpimarratu du: “Denboraldia luzatu egiten da, eta beste aukera bat da. Dania zarratu denez, denboraldia apur bat luzatzeko eta gazteek aukera badagoela ikusteko balio du. Eta oso garrantzitsua da babesleek eta ETBk laguntzea, eta ea horrela zestak goruntz egiten duen”.
Aritz Erkiaga ispastertarragaz bikotea osatzeagatik “oso pozik” dago, eta banakako txapeldunagaz jokatzeagatik erantzukizun apur bat ere sentitzen du: “Aurten dena irabazi du; erakutsi du onena dela orain momentuan, eta horregatik ardura edo erantzukizun apur bat ere badaukat. Ondo eta serio jokatu beharko dut beragaz, ahalik eta gehien lagundu eta berak bere jokoa atera dezan nire beharra egin beharko dut”. Faborito argirik gabeko txapelketa aurreikusten du, bikote “oso orekatuak” daudela dio.
Jon Zabala: “Erkiagak erakutsi du onena dela orain momentuan, eta ondo eta serio jokatu beharko dut beragaz”
Txapelketako beste pilotari markina-xemeindarra Jokin Arbe da, eta Imanol Lopez zumaiar beteranoagaz ariko da. Udako denboraldian emaitza onak lortu dituzte alkarregaz: “Udan hiru txapelketa jokatu genituen batera, eta hirurak irabazi genituen”. Bikote sendo bat osatzen dutela uste du: “Alkar oso ondo ezkontzen gara, oso ondo ulertzen gara. Beste bikoteak ere irabazteko asmoagaz daude, baina uste dut gerra pixka bat emango dugula”. Edozeinek irabazi dezakeela gogoratu du: “Partiduak jokatu egin behar dira, denok horretako entrenatzen dugu; kantxatik kanpo lagun handiak gara, baina barruan ez da lagunik egoten. Bikoteak paperean ikusita, Aritzek–Erkiagak– edo Goiko batek osatzen duten bikoteek beti hartzen du pisua”.
Ilusioz hasi dute aro berri hau, eta eurak ez eze, publikoa ere gogoz dagoela deritzo: “Uste dut denaren gainetik hau berrikuntza bat dela, eta espero dugu hau hasiera besterik ez izatea. Lehen udan izaten zena, orain, urte guztira eroateko asmo horrek ilusioa piztu du. Pilotariok ilusioz prestatzen gabiltza. Publikoa beti zain egoten da, frontoiak beteta egoten dira, eta uste dut publikoarentzat ere beharrezkoa zela. Gurea den kirola altxatzeko ilusioa dago. Sasoia da goian ikusteko, eta ez behea jota, orain arte egon den moduan. Telesbita derrigorra da halako proiektu bati aurre egiteko, eta bultzada emateko zeregin horretan, jendearengana era zuzenean heltzen da telebista. Frontoian, agian, 2.000 pertsonak ikusi ditzakete partiduak, baina telebistatik 200.000 pertsonak. Asko laguntzen du”.
Jokin Arbe: Gurea den kirola altxatzeko ilusioa dago. Hau berrikuntza bat da, eta espero dugu hau hasiera besterik ez izatea”
“Jarraikortasuna eta sendotasuna”. Euskal Herrian zesta punta profesionalaren egutegia uda sasoira mugatuta egon da azken urteetan, baina Daniako frontoiaren itxierak aukera berriak zabaldu ditu. Horiek aztertu eta proiektu bat zehazteko beharra ikusi dute Gernika Jai-Alai Professionaleko arduradunek: “Zesta punta maite dugu, eta argi ikusten dugu denon artean urte osoko denboraldi luzeago bat sortu nahi dugula”. Urte osoko “jarraikortasuna izango duen zirkuitua” edukitzeko apustua egin dute, kirol honi “sendotasuna eta bultzada” emango diona.
Pilotariek, enpresak zein erakundeek neguko txapelketa hau Euskal Herrian zesta puntaren “indartzea” lortzeko bidean, “lehenengo pausoa” izatea espero dute.
Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka proiektuak, eta kirol arloko foru-arduradun nagusia den Carlos Sergiok uste du torneo honek ume gehiago zesta puntara hurbiltzeko ere balio lezakeel: “Gero eta ume gehiagok zesta puntan jolasteko, ensaiatzeko, eurengan interesa pizteko balio dezake, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Ilusioz betetzen gaituzten eta amets eginarazten gaituzten kirolari handien ekitaldia da honakoa. Pilota sekulako abiaduran joatea lortuta eta euren teknika izugarriagaz, publikoari gozarazi egiten diote. Hainbeste eman digun, hainbeste momentu on utzi dizkigun kirol handi honen egoera denon artean hobetzea lortuko dugula uste dugu. Gurea maite dugu eta gurea defendatzen dugu”.
Erronka. Distantzia jaurtiketa erronka egin dute gaurko agerraldian. Pilota zeinek urrunen bota. Horixe zen pilotarien erronka, eta Lekerika atzelari gernikarra nagusitu da, 129 metroko marka lortuta. Hur egon da Aimar Aldazabal berriatuarra, 128 metrora jaurti baitu pilota. Nicolas Etcheto sailkatu da hirugarren, 119 metrogaz.
Ligaxkaren partiduak:
- Urtarrilak 29. Barandika-Lekerika vs. Erkiaga-Zabala
- Urtarrilak 31. Arbe-Lopez vs. Beaskoetxea-Aldazabal
- Otsailak 7. Olharan-Etcheto vs. Erkiaga-Zabala
- Otsailak 14. Goikoetxea-Aimar vs. Beaskoetxea-Aldazabal
- Otsailak 21. Barandika-Lekerika vs. Olharan-Etcheto
- Otsailak 28. Goikoetxea-Aimar vs. Arbe-Lopez