Lekeitioko Aldamiz Etxebarria kaleko argiteria berritzen jarraituko dute
Bigarren faseko lanekin hasiko da Lekeitioko Udala aste honetan. Orain arte modura, led sistema jarriko dute faroletan.
Kaleko argiteria berritzen jarraituko du Lekeitioko Udalak. Alde zaharreko kaleak, San Inazio eta Aldamiz Etxebarriako zati baten argi sistema aldatu eta gero, azken auzo horretako bigarren faseagaz hasiko dira aste honetan. Jakinarazi dutenez, gainera, azken kale horregaz amaitutakoan, Merkatu plazaren inguruko argiteria berriztea dute helburu.
“Azken urteetan Lekeitioko hainbat kaleetako argiteria berriztu da, sistema horri esker energia modu eraginkorragoan erabili ahal da, eta kostuak gutxitzeagaz gainera, ingurugiroa zaintzeko aukera ematen du”, azaldu dute. Orain arte modura, led sistema jarriko dute faroletan. Argiteria aldatzeko 130.000 euroko inbertsioa egingo du udalak. “Aldaketa klimatikoari aurre egiteko gure ohiturak aldatzea ezinbestekoa da. Energia jasangarri edo eraginkorrak erabiltzen hasi behar gara emisioak gutxitzeko”.
Bestalde, udal eraikinetan kontsumitzen den energiaren eraginkortasuna neurtzeko diagnostiko bi egingo dituzte: Alde batetik, kirol eraikinei dagokiona eta, bestetik, eraikin soziokulturalei bideratutakoa. Diagnostiko horien bitartez jakin nahi dute hurrengo urteetan eraikin horietan egin beharko duten inbertsioa zein izango den.
Jakitera eman dute, baita ere, udaltzaingoaren kotxe txikia ere kendu egingo dutela. Horren ordezko autoa elektrikoa izango da.