Rober-Egaña eta Gandiaga anaiak bikoteek irabazi dituzte Beteranoen Txapelketako asteburuko partidak
Partida ikusgarriak eskaini dituzte bikoteek. Lau partida jokatuko dira aste honetan, eguenetik [urtarrilak 27] aurrera.
Beteranoen Esku Pilota Txapelketako partida bi jokatu dituzte domekan [urtarrilak 23] Lekeitioko trinketean. Hirugarren partida ez zen jokatu, aurrekoan Praderak min hartu zuelako eta Malaxek (Mendaro) eta Madariagak (Eibar) entrenatzeko baliatu zuten tarte hori.
Rober (Bergara)-Egaña (Mendaro) eta Astigarraga (Deba)-Beraza (Elgoibar) bikoteen artean jokatutako lehenengo partidan bergararra eta mendaroarra izan ziren nagusi. Naiz eta galtzen hasi irabazleek errez menperatu zituzten txapelketako beteranoenak.
Roberrek, sakez eta pilotari abiadura emanez, ez zuen aurkaririk eduki, eta laster batean joan ziren aurrera markagailuan 10-3an jarriz. Asti eta Beraza saiatu ziren, eta tanto politak ere egin zituzten, baina markagailuan abantaila handiegia zeukaten partidari buelta emateko. “Galtzaileak egindako tanto politena, Berazak egindakoa izan dugu. 11. jokaldian defentsan bikain aritu dira estutasunak pasatzen eta elgoibartarrak eskuman pilota hartu duenean, maisutasunez txaflanera bota eta tantoa bukatu du”, azaldu dute txapelketaren antolatzaileek. Hala ere, irabazleak ere ez ziren atzean gelditu, eta Roberrek 28. frailean sartuta, txalo zaparrada jaso zuen. Egañak, atzean, ondo babesten aurrelaria, errez eraman zuen partida, eta gainera, animo eta agindu egokiak eman zion Roberri bere joko guztia atera zezan.
Bigarren neurketan ere tanto politak egin zituzten Gandiaga anaiak (Berriatua) eta Martin-Foster lekeitiarrek. Aurreko txapelketako irabazleak ziren faboritoak, eta irabaziz hasi zuten domekako partida ere. Lehen sakean lortu zuen lehen tantua Eñaut Gandiagak, eta berehala jarri ziren 5-1era markagailuan. Berriatuarrek 14-6ko abantaila eskuratu zuten, baina Martin erasoan hasi eta sareagaz, txaflanagaz eta frailiagaz baliatuz, abantaila murriztea lortu eta 14-12 jarri ziren bikoteak. 23-20 ere hurreratu ziren Fosterrek sarera bidalitako pilotari esker, baina, Gandiaga anaiek berriro abantaila hartu eta 27-22 jartzea lortu zuten.
Bazirudien lekeitiarrak partidari buelta emateko gai izango zirela, baina Martinek sake motza atera eta berriatuarrek 28. tatoa egitea ahalbidetu zuen. Eñautek sakea aprobetxatuta, sarera bideratu zuen pilota 29. tantoa eginez, eta jarraian ailegatu zen eta 30. tantoa ere, jarraian egin zuten, pilota indarrez eskerrera bidalita.
Aste honetan ondorengo partida jokatuko dira:
-
Urtarrilaren 27an (Eguena) 20:00etan : Rober-Egaña/Martin-Foster
-
Urtarrilaren 28an (Barikua) 19:00etan : Gandiaga anaiak/Malax-Madariaga
-
Urtarrilaren 30ean (Domeka) 10:00etan : Asti-Beraza/Malax Madariaga
-
Urtarrilaren 30ean (Domeka) 11:00etan : Gandiaga anaiak /Jaunarena – Pradera