Martxoaren 11 da Peru Abarka Album Lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna
Lan sarituaren egileak 2.000 euro jasoko ditu, eta lana album formatuan argitaratuko da. Narrazio lehiaketa ebatzi eta gero abiaraziko dute ilustrazio lehiaketa.
Beste behin ere, lehiaketa Markina-Xemeingo Udalaren eta Erein argitaletxearen artean antolatu dute. Lehiaketan 18 urtetik gorako edozein herritarrek parte hartu dezake, eta lehiaketa bi ataletan banatuta egongo da: lehendabizi narrazio onena aukeratuko dute, eta, ondoren, narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratuko da. Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere bi lan aurkeztu ahalko ditu.
Kategoria bakarra egongo da (helduentzako literatura), eta lanak euskara batuan aurkeztu behar dira. “Gaia librea izango da, eta ipuinak originalak, inon argitaratu gabeak izan behar dute”. Prosaz zein bertsoz idatzitako lanak onartuko dira, eta, narrazioek gehienez ere 12.000 eta gutxienez 9.000 karaktere edukiko dituzte (espazioak barne).
- Nola aurkeztu? DIN-A4 tamainako orrietan, ordenagailuz eta alde bakarretik idatzita, 1,5eko lerroarteagaz eta 12 puntuko Times New Roman letra motagaz. Orriak zenbatu egingo dira, eta orrialde guztietan adieraziko da lanaren izenburua.
Kopia bakarra aurkeztuko da gutunazal itxi batean. Gutunazal horretan ez da egilearen izena ipiniko, baizik titulu edo ikurritz bat. Titulu edo ikurritz bera idatziko da lanaren orri guztien buruan. Gutunazalaren barruan, titulu edo ikurritz bera duen beste gutunazal bat sartuko da. Bigarren gutunazal horren barruan adieraziko dira egilearen datuak: izen-abizenak, telefono zenbakia, helbide elektronikoa, jaiotze data eta helbide osoa. Nortasun agiriaren kopia bat ere sartu beharko da. - Non eta noiz aurkeztu? Lanak Markina-Xemeingo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu daitezke, baina posta arruntez ere bidali daitezke: Markina-Xemeingo Udala / “Peru Abarka Album Lehiaketa 2022” / Goiko Portala, 3 / 48270 Markina-Xemein (Bizkaia). Urtarrilaren 24tik martxoaren 11ra arte aurkeztu daitezke (bi datak barne).
- Saria: Lan sarituaren egileak 2.000 euro jasoko ditu, eta lana album formatuan argitaratuko da.
Ilustrazio lehiaketa. Narrazio irabazlea aukeratu ondoren, ilustrazio lehiaketa abiaraziko dute. “Testu irabazlea gaztelaniara itzuliko da. Behin-behineko itzulpen hori ez da argitaragarria izango, funtzio bakarra lehiaketan parte hartuko duten ilustratzaile ez euskaldunentzat lagungarria izatea baita”. Itzultzaileak irabazleari kontsultaren bat egingo balio, idazleak erantzuteko betebeharra edukiko luke.