Nahia Quincoces bigarren sailkatu da Espainiako Koparen azkenengo proban
Banakakoan lortu du bigarren postua, eta esprint lasterketa laugarren amaitu du.
Mendiko Eskiko Espainiako Kopa asteburuan (urtarrilak 22-23) erabaki da Panticosan (Huesca, Aragoi). Bertan jokatu dituzte koparen azkenengo esprinteko eta banakako probak.
Domekako banakakoan bigarren sailkatu zen Nahia Quincoces Altuna mendexarra. Ordu bete, 50 minutu eta 10 segundotan burutu zuen. 16 km-ko lasterketan Ana Alonso Rodriguez andaluziarra izan zen azkarrena: 01.46.37. Alba Fernandez Campos andaluziarrak amaitu zuen hirugarren, Quincocesengandik minutu bat eta 48 segundora.
Bigarren postu horregaz “oso pozik” dago. Helburua onenen artean aritzea zen, “batez ere domekan podiumean sartu nahi” zuen: “Banekien Igone eta Fatima indartsu daudela, eta zapatuan modura laugarren geratzea posible zela. Lauron artean giro oso ona egon da”. Asteburuko bi probetan lehia eduki du Fatima de Diego eta Igone Camposegaz: “Domekakoa esprinta baino lasterketa luzeagoa izan zen. Hiru igoera eta hiru jaitsiera eduki zituen ibilbideak, eta zati batean basoan korrika aritu ginen”.
Zapatuko esprint proban, ostera, laugarren sailkatu zen. 4 minutu eta 20 segundoan amaituta, oso gutxigatik geratu zen podiumetik kanpo. Izan ere, azken momentuan aurrea hartu zion Camposek, eta segundo bakarraren aldea egon zen bien artean. Alonso izan zen lasterketa lau minutu baino gutxiagotan burutu zuen emakume bakarra (3 minutu eta 53 segundo). de Diegok 4 minutu eta 13 segundotan egin zuen esprint lasterketa.
Pozik dago, izan ere, dioenez, aurten entrenatzen ibili bada ere, ez da aritu beste urte batzuetan “bezain serio”. Lehiara bueltatzean “ondo sentitu” da, “gustura” ibili da: “Aurreko urteetan lehian ibilitakoekin berriro ibiltzeagatik ere oso gustura nago. Eguraldi oso ona eduki genuen, eta giroa ere ona. Sekulako hotza egon zen, batez ere domekan, irteera-ordua 06:30ean ipini zigutelako, eta elurra nahikoa gogor zegoen; igoerako leku batzuetan pixka bat tekniko zegoen, eta baita jaitsiera ere. Alde batetik, jaisterakoan, abantaila eman zidan horrek, halako mendiko terrenoetan, pixka bat gaitzak direnean, gustura ibiltzen naizelako”.
Mendiko Eskiko Espainiako Kopa lau probak osatu dute. Lehenengo biak–esprinta eta bertikala– abenduan lehiatu zituzten Sierra Nevadan (Granada, Andaluzia), eta asteburuko Panticosakoak izan dira beste bi probak. Emakumezkoetan Ana Alonso eta gizonezkoetan Pau Coll katalana geratu dira txapeldun.