Txakurrekin egoteko gunea prestatu dute Lekeition
Usotegi parkearen eskumako lursaila erabiliko da txakurragaz egoteko. Parke ondoko iturriari plaka bat jarriko diote.
Lekeitioko Udalak txakurrekin egoteko gune bat egokitu du Usotegi parkean. Udalaren asmoa parkeari bizia eman eta erabilera ezberdinak eskaintzea dela azaldu dute. Horrela, parkearen eskumako lursailari hesia jarri eta gune bat prestatu dute txakurrekin egon ahal izateko.
Azaldu dutenez, txakurrek jabeagaz egon beharko dute, eta horien ardura izango da baita ere animaliaren kakak batzea. “Usotegin ortua ere badago, eta ezinbestekoa da lursail bakoitzaren eremuak errespetatzea eta bakoitzari dagokion erabilera ematea elkarbizitza bermatzeko”.
Bestalde, parkearen azpian dagoen iturriari plaka bat ipiniko diotela jakinarazi dute, iturriaren izena, estilo arkitektonikoa eta arkitektoaren izena ezagutzera emateko.