Neurri murriztaileak otsailaren 13ra arte luzatzea erabaki du Labik
Neurrien luzapena jasotzen duen dekretua gaur arratsaldean [urtarrilak 28] argitaratuko dute, eta zapatutik [urtarrilak 29] aurrera egongo da indarrean. COVID pasaportearen erabilera ere otsailaren 13ra arte luzatzeko baimena eskatu diete epaileei. Azken horiek martitzenean [otsailak 1] aztertuko dute eskaera.
Indarrean dauden neurri murriztaileak otsailaren 13ra arte luzatzea erabaki du Labi aholku batzordeak. Horrez gain, COVID pasaportearen erabilera ere egun horretara arte luzatzeko baimena eskatu diete epaileei, eta horiek martitzenean [otsailak 1] hartuko dute azken erabakia; pasaportearen erabilera hoteletara, turismo guneetara eta joko aretoetara ere zabaltzeko baimena eskatu du Jaurlaritzak.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du egoera epidemiologikoa eta Labi teknikoaren txostena ezagututa hartu dituztela erabakiak. Beraz, ondokoak dira otsailaren 13ra arte indarrean jarraituko duten neurriak:
- Merkataritza gizarte eta kultura jarduerak 01:00etan ixten jarraituko dute. 02:00etan geldituko da garraio publikoa.
- 2022ko otsailaren 13ra arte %60ko aforoa mota guztietako establezimenduetan.
- Ekitaldietako esparruan honako edukierak daude onartuta: 600 pertsona barrualdean eta 800 kanpoaldean; 1.600-5.000 pertsonako edukiera duten esparruetan 800 barrualdean eta 1.200 kanpoaldean. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten eremuetan gehienezko aforoa %50ekoa da.
- Ostalaritza establezimendu, jatetxe, diskoteka eta gaueko aisialdian ezin da zutik kontsumitu. Mahai bakoitzeko gehienez ere 10 lagun egon ahalko dira (barrualdean zein terrazetan). Mahaien arteko tartea gutxienez 1,5 metrokoa izan behar da.
- Barruko kirol jardueretan gehienez ere 10 laguneko taldeak.