Aurrerak 2-0 irabazi dio Uritarrari Zaldupen
Garaipen garrantzitsua izan da Ondarroako futbol taldearentzat. Jon Etxaburu 'Pixki'-k eta Iosu Muiñosek sartu dituzte golak.
Zaldupen geratu dira gaur [urtarrilak 29] hiru puntuak, eta horrela, atzeko postuetatik aldendu da Aurrera Kirol Elkartea. Hitzordu garrantzitsua zeukan gaur Ondarroako taldeak, eta ez du hutsik egin. Uritarrako atzelariak euren atean eta Iosu Muiñosek sartutako golei esker lortu dute garaipena Mikel Etxaburu Pixki-ren mutilek.
Hasiera-hasieratik nabaritu zaie bi taldeei partida irabaztea garrantzitsua zela. Partidako lehen aukera garbia kanpokoek izan dute, baina kanpora joan da larrabetzuarren aurrelariaren jaurtiketa. Hamazortzigarren minutuan iritsi da etxekoen lehen gola; Iker Urrestik ateratako alboko sake baten ostean, Jon Etxaburuk buruz jo eta aurkari baten oinetan eman ostean sartu da baloia barrura.
Zelaian nagusitzen saiatu dira Aurrerakoak, eta lortu dute arriskuagaz iristea jokaldi batean. Uritarrak ere eman du abisu bat, baina ez batak ez besteak ez dute baloia sareetara bidaltzerik lortu. Partida, beraz, 1-0eko emaitzagaz ailegatu da atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan kanpokoek euren lerroak aurreratu dituzte, baina eroso egon da etxekoen atzekaldea. 69. minutuan ailegatu da Aurreraren bigarren gola. Aulkitik sartu berri zen Iosu Muiñosek sartu du. Partidak ez du gehiagorako eman, eta azken minutuak Pixkiren mutilen kontrolpean egon dira.
Mikel Etxaburu entrenatzaileak etxeko zaleei eskaini nahi izan die gaurko garaipena: “Mutilak lan ona egiten ari dira, eta gure zaleen bultzadagaz indartsu sentitzen gara. Gauza bi horrek batuta Zaldupen indartsuak izan behar garela erakutsi dugu. Eskerrak eman nahi dizkiet gure zaleei, astero, etxean zein kanpoan, ematen diguten babesik barik, puntuak batzea oso gaitza litzatekeelako. Klubaren zati garrantzitsu bat dira”.
Datorren zapatuan [otsailak 4] 16:30ean Pasaiari egingo dio bisita Aurrera Kirol Elkarteak.