Miren Agur Meabe euskaltzain oso izateko proposatu dute
Atzo [urtarrilak 28] Euskaltzaindiak egindako urteko lehen osoko bilkuran aurkeztu zuten Lekeitioko idazlearen izena hautagai modura. Otsailaren 25ean jakingo da erabakia.
Atzo [urtarrilak 28] Euskaltzaindiak Bilbon egin zuten urtarrileko Osoko bilkuran, idazle lekeitarraren izena aurkeztu zuten euskaltzain oso izateko hautagai. Lekeitioko idazleak Xabier Kintana euskaltzain emerituaren lekua beteko luke. Xabier Kintana emeritu izatera igaro zen iazko urrian, 75 urte egin ostean.
Jakinarazi dutenez, otsailaren 25ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egingo den Osoko bilkuran jakingo da erabakia.
Gogoratu dutenez, euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok, gutxienez, izenpetu behar dute. Eta, proposamenagaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dituzte. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek hautagaiak bozkatzeko aukera izaten dute.
Ibilbidea. Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962). Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi, eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan aritu zen hainbat urtetan. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia.
Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik; eta Euskadi saria hiru aldiz erdietsi du, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da, eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik.
Literatur itzulpengintzan ere aritzen da. Besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren eta Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskarara.
Ohorezko aitortzen artean, Lauaxeta saria (2007 eta Rosalia de Castro (2012) ere baditu. Bere testuetako batzuk hainbat hizkuntzatara eta braillera itzuli dituzte. Euskaltzain urgazlea da 2006tik.