Rober-Egañak eta Malax-Madariagak lortu dituzte Beteranoan Txapelketako laugarren jardunaldiko puntuak
Iban Gandiaga atzelariak min hartu du, eta ez dakite hurrengo jardunaldian parte hartu ahal izango duen. Gandiaga anaiak txapelketa irabazteko bikote faboritoetako bat dira.
Beteranoen eskuz banakako txapelketako hiru partida jokatu behar ziren joan den astean, baina barikuan [urtarrilak 28] jokatzekoa zen Malax (Mendata)-Madariaga (Eibar) eta Gandiaga anaien artekoa bertan behera geratu zen, lehen tantoan Iban Gandiaga atzelariak min hartu zuelako.
“Sake luzea eta sarera bideratuta atera zuen Malaxek, eta Ibanek eskerragaz eroan nahian, izterrean min handi bat sentitu zuen. Lesioa zelakoa den, aste honetan jakingo dugu, eta ikusi egin beharko da aurreko edizioko txapeldunak hurrengoko jardunaldiko partida jokatzeko gai diren. Bikote bi hauek dira faboritoak finala euren artean jokatzeko”, azaldu dute txapelketaren antolatzaileek.
Beste bi partidak eguenean [urtarrilak 27] eta domekan [urtarrilak 30] jokatu ziren. Lehia bizia egon zen egueneko norgehiagokan Rober (Bergara)-Egaña (Mendaro) eta Martin-Foster lekeitiarren artean. 30-16 irabazi zuten Roberrek eta Egañak, baina markagailuak ez du adierazten egondako borroka.
Piloteo gogor baten ondoren lortu zituzten tanto asko; irabazleek hainbat tanto lortu zituzten sakez. Esaterako, lekeitiarrek 16-12 hurreratzea lortu zuten, baina Roberrek sakeaz baliatuta sei tantu egin zituen jarraian. Rober eta Egaña primeran konpondu ziren; Rober izan zen partidako onena eta Egañak ondo lagundu zion, ez zuen pilotarik galdu eta atze aldean agintzen aritu zen.
Malaxek eta Madariagak eskuratu zuten domekako partidako puntua (30-20). Urteen aldea nabaritu zen jokoaren abiaduran, baina Asti (Deba-67 urte) eta Beraza (Elgoibar-62 urte ) beteranoek partida polita eskaini eta tanto oso politak ikusteko aukera eman zuten.
Sakea Asti eta Berazarentzako izan zen, eta hori aprobetxatuta 1-3 jarri ziren aurretik. Orduan Astik eskumako eskuko bolan mina sentitu eta atzera pasatu beharra eduki zuen. Malax ere eskuetatik justu samar egon zen, baina sakez min handia egin zuen markagailuan aurrea hartuz. Hala ere, Asti eta Beraza ez ziren atzera bota, eta aurreko frailea erabiliz eta dejada ederrak eginez, 12-6 hurbildu ziren. Partidak horrela, jarraitu zuen, tantoak gehituz joan ziren bai batzuen bai besteen markagailuan. Baina, gazteek ez zioten puntuari ihes egiten utzi. Malax eta Madariaga ere, finalean egoteko faboritoak dira.