Bueltan da Lea Artibai Ikastetxeko Ilusio Ponpak jardunaldia
Otsailaren 10ean izango da jardunaldia Markina-Xemeingo Esperantza aretoan. Irati Lekue, Jesus Menendez Pabon eta Javier Iriondok parte hartuko dute.
Pandemiaren eraginez bi urtetako geldialdia egin ondoren, Lea Artibai Ikastetxeak Ilusio Ponpak jardunaldia abiatuko du berriro. Irati Lekue, Jesus Menedez Pabon eta Javier iriondo gonbidatu diztuzte otsailaren 10ean izango den zortzigarren jardunaldira. “Egoera gogorren aurrean baikortasuna mantendu eta motibazioa sustatzea ezinbestekoa da, eta azken bi urteetan bizi dugun ziurgabetasunari buelta emateko inoiz baino beharrezkoagoa da honelako ekimenak antolatzea”, azaldu dute.
Markina-Xemeingo Esperantza aretoan egingo da jardunaldia 09:30etatik aurrera, eta aurreratu dutenez, hiru gonbidatuak bertaratzen diren guztien baikortasunean, motibazioan eta ilusioan eragitea izango dute helburu. Lekue esate baterako, jardunaldira hurbiltzen direnen talentua eta potentziala aurkitzen eta aprobetxatzen laguntzen saiatuko da Ikaskuntza estrategikoa berrikuntzarako gako gisa hitzaldiaz baliatuz. “Egiaztatu dudan bezala, pertsonak helburu komun baten inguruan elkartzen direnean, edozertarako gai dira. Beren ingurua aldatzeko gai, mundua aldatzeko gai; eurena eta besteena”, dio Lekuek.
Hurrengo, Menendez Pabonek hartuko du berbea. Bere hitzaldia Hands Up. Errealitate aldakor baten erronkei konfiantzaz aurre egiteko sekretuak izango da. Lea Artibai Ikastetxekoek jakinarazi dutenez, Pabon, marketineko eta komunikazioko zuzendari izatetik trebetasunen formatzaile edo, berari esatea gustatzen zaion bezala, Ametsen egilea izatera igaro zen urte gutxi batzuen buruan. “Zu liluragarria zara… hitzekin hasi ohi ditu bere konferentzia guztiak”.
Kaferako tartea hartu ostean, Iriondok hartuko du txanda. Emozioak gainditzea eta indartzea. Bizitza osoago baterako gogoetak izango da bere hitzaldia: ” Iriondoren gainditze pertsonalari buruzko hitzaldien helburua aldaketak eta emaitzak eragingo dituzten erabaki eta ekintza zehatzak hartzeko bultzada motibagarria sortzea da”. Iriondok esperientzia profesional zabala dauka hainbat negozio arlotan. Hizlaria, idazlea eta kirolari profesionala ere izan zen AEBtan, eta bertan espezializatu zen marketinean, merkaturatzean eta hazkunde pertsonalean.