Jose Angel Lizardi mutrikuarrak zinegotzi kargua utzi du
Mutrikuko udalbatzan lagatako hutsunea Xabier Egurbidek beteko du. Lizardik eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan babesa eman dioten mutrikuar guztiei.
Arrazoi pertsonalak tarteko, zinegotzi karguari eta EAJko bozeramaile izateari uko egin dio politikari mutrikarrak. Abenduko ohiko osoko bilkuraren ondoren aurkeztu zuen zinegotzi karguari uko egitea, eta udalbatzak aurreko asteko ohiko osoko bilkuran onartu zuen eskaera. Karguan ia 15 urte egin eta gero erabaki du politika uztea. Lau agintalditan EAJko zerrendakide modura aukeratua izan da.
Oso gazte hasi zen politikan, 22 urterekin, 1983an hartu zuen zinegotzi kargua lehendabizi, eta 1987ra arte egon zen zinegotzi. 2011n berriro zerrendetan aurkeztea erabaki zuen, eta 2011-2015 agintaldian zinegotzia izan zen oposizioan. 2015eko udal hauteskundeetan, aldiz, zerrendaburu joan zen, eta alkate izendatu zuten. 2019tik, ostera, EAJren zerrendaburua eta bozeramailea izan da oposizioan.
Urte hauetan guztietan momentu onak eta ez hain onak bizi izan dituela aitortu du, baina balorazio positiboa egin du. “Urte hauetan guztietan gustura egin dudan lan bat izan da. Ni neu mutrikuarra sentitzen naiz, eta hala sentituko naiz; Mutrikurentzat onena nahi izan dudanez, nire aldetik ahalik-eta onena egiten saiatu naiz”.
EAJren udal bozeramaile ardura Xabier Eizagirre Aizpuruk beteko du aurrerantzean
Lizardik eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan babesa eman dioten mutrikuar guztiei, eta herriko kontuak bizi egin behar direla gaineratu du. “Dedikazio handia eskatzen dut zinegotzi karguak. Taldeko bilera asko egin behar izaten dira, proposamenak prestatzeko. Politikagintza eta herrigintza, nik uste dut, gaur egunean modan ez dagoen kontu bat dela. Izan ere, gaur egunean jendeak ez du herriarenganako konpromiso handirik hartzen”.
Mutrikuko udal taldeek eskainitako dedikazioa eskertu diote Lizardiri. “Mahai honen izenean, herri osoaren izenean, eta nire izenean ere bai, herriaren alde emandako urte horiek guztiak eskertu nahiko genituzke publikoki”, esan zuen Joseba Palenzuela alkateak.
Lizardiren lekua Xabier Egurbide Aristondok beteko du; jeltzaleek zerrendako 7. postuan aurkeztu zuten 2019ko udal hauteskundeetan, eta beharrezkoa den akreditazioa jaso ostean zin egingo du kargua. Okerrik ezean, otsaileko osoko bilkuran hartu dezake zinegotzi kargua. EAJren udal bozeramaile ardura, berriz, Xabier Eizagirre Aizpuruk beteko du aurrerantzean.