Beltran eta Sololuze omendu dituzte Zaldibarko hondamendiaren bigarren urteurrenean
Eskultura bat jarri dute "gertatutakoa ahaztu ez dadin". Verter Recycling enpresako arduradunek eta Eusko Jaurlaritzak euren erantzukizunak bere gain hartzea eskatu du Zaldibar Argitu plataformak.
Bi urte bete dira gaur [otsailak 6] Zaldibarko zabortegia hondatu zenetik, eta Zaldibar Argitu eta Aldaketaldia plataformek deituta mobilizazio jendetsua egin da Eitzagan horrelako gertaerak berriro gerta ez daitezen neurriak eskatzeko. Zabortegian lurperatuta hil ziren Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilaguna eta Joaquin Beltran Zallakoa izan dituzte gogoan ekitaldian.

Eitzagan egin duten ekitaldia. Argazkia: Zaldibar Argitu Plataforma
Ehunka herritarrek parte hartu dute gaurko ekitaldian. Manifestazioa egin dute Ermuako plazatik zabortegia zegoen Eitzaga auzoraino, eta bertan omenaldi beroa egin diete Beltran eta Sololuzeri. Eskultura bat jarri dute, “inork ez dezan gertatutakoa ahaztu”. Langile bien senide eta lagunek ere parte hartu dute lore eskaintza berezian. Txalo zaparradagaz amaitu da ekitaldi hunkigarria.

Lore eskaintza egin dute Sololuzeren eta Beltranen omenez. Senideek eta lagunek parte hartu dute. Argazkia: Zaldibar Argitu Plataforma
Hildako langile biei omenaldia egiteaz gain, plataformak erantzunak ere eskatu ditu. Verter Recycling enpresako arduradunek eta Eusko Jaurlaritzak euren erantzukizunak bere gain hartzea eskatu dute. Ekidin zitekeen tragedia dela uste dute eta horrelako hondamendi bat berriro gertatu ez dadin neurriak hartzea ezinbestekotzat jo dute.

Eitzagan oroigarri bat jarri dute gertatutakoa ahaztu ez dadin. Argazkia: Zaldibar Argitu Plataforma
Epaitegietan. 2020eko Abuztuaren 19an baieztatu zuten Zabortegian aurkitutako gorpuzkinak Sololuzerenak zirela, Beltranen bilaketa lanak ordea, 2021eko maiatzaren 14an amaitutzat eman zituzten. Beltranen eta Sololuzeren heriotzagatiko epaiketa penala irailaren 3an itxi zen. Fiskaltza eta akusatuak akordu batera heldu ziren. Zuhurtziagabekeriazko giza heriotza eta langileen segurtasunaren kontrako delituak onartu zituzten zabortegiko arduradunek Durangoko epaitegiaren aurrean. Baita familiari kalte ordainak ordaintzea ere. Sei hilabeteko kartzela zigorra ere onartu zuten, baina, aurrekaririk ez dutenez, ez dute beteko.
Hala ere, auzia oraindik epaitegietan dago ingurumenaren eta osasun publikoaren kontrako delitua leporatzen zaielako. Epaiketa instrukzio-fasean dago. Erantzukizuna zeinena den ikertzen ari dira. Zigorra 6 hilabetetik 2 urtera artekoa izan daiteke.

Ehunka herritarrek egin dute bat Zaldibar Argituk egindako deialdiagaz. Argazkia: Zaldibar Argitu Plataforma
Zaldibar inguruetako herritarrez gain, hainbat erakunde eta alderdi politikok egin dute bat Zaldibar Argituk deitutako ekimenagaz. Besteak beste, EH Bildu, Podemos/Ahal Dugu, Euskadiko Partidu Komunista alderdi politikoek, ELA, LAB, Steilas, Esk, Etxalde eta Hiru sindikatuek eta ekologista taldeek.