Amoroton eta Mendexan lehen arretako zerbitzu barik daudela salatu dute herritarrek
Amorotoko eta Mendexako kontsultategietan medikurik eta erizainik ez daukatela jakinarazi dute herritar talde batek kaleratutako oharrean. Bi kontsultategiak "ezinbestean zabalik mantendu" beharko lituzketela uste dute.
Amoroton eta Mendexan berriro ere herriko mediku zerbitzu barik daudela jakinarazi dute zenbait bizilagunek. Oraingoan, gainera, erizainik ere ez daukate herrietako kontsultategietan.
Herritar talde batek kaleratutako oharrean gogoratu dutenez, 2021eko maiatzean euren medikuak lekualdatzea eskatu zuen eta irailerarte ez zuten mediku zerbitzurik izan. Ohiko lanaldiarekin ez bazen ere, irailean mediku zerbitzua berreskuratu zuten: “Baina otsailaren 1ean berriz hasierako egoerara bueltatu gara. Horrez gain, dagoeneko gure herrietan geneukan erizaina ere aldatu da eta honek gure erreferentzia falta areagotu egin du”. Horrelakorik ezin dutela onartu diote. “Aurrera begira planteatzen den edozein antolaketak, gure herrietako kontsultategiak hartu beharko lituzke kontutan”. Eta horiek ezinbestean zabalik mantendu beharko lituzketela uste dute: “Lehen arreta, osasun sistemaren atea da, paziente eta familiei zabaltzen zaigun lehen atea, erreferentea. Aldiz, behin eta barriro ikusten duguna da behar den beste baliabide barik uzten ari direla lehen arretako sarea eta horrek herritarrok jasotzen dugun arretaren kalitateaten galera dakar”.
Azpimarratu dute euren mediku eta erizainen lan-baldintzak zaindu egin behar direla, herritarron osasuna zaintzeko. “Eta herritar guztiok, herri txiki zein handietakook, daukagu kalitatezko osasunerako eskubide unibertsala. Ba ete dago ezer hori baino “esentzialagorik” bada?”.
Amoroto eta Mendexako herritarrek dagokiena eskatzen segituko dutela argi utzi dute: “Mediku eta erizain zerbitzua gure herrietan eta osasun-langileentzako baldintza duinekin eskatzen jarraituko dugu”.