Beteranoen txapelketako faboritoek ez dute hutsik egin
Beteranoen Eskupilota Txapelketako ligaxkako bosgarren jardunaldia jokatu da domekan [otsailak 6] Lekeitioko trinketean. Malaxek eta Madariagak eta Gandiaga anaiek batu dituzte puntuak.
Beteranoen Lekeitioko Trinkete Txapelketa aurrera doa. Ligaxkako bosgarren jardunaldia jokatu zen domekan [otsailak 6], eta faboritoak puntuak batzen jarraitzen dute. 30-16 irabazi zieten Malaxek (Mendata) eta Madariagak (Eibar) Roberri (Bergara) eta Egañari (Mendaro) lehenengo partidan, eta bigarrenean Berriatuko Gandiaga anaiak nagusitu ziren Jaunarena (Gartzaron-Nafarroa) eta Pradera (Mallabia) 30-13 gaindituz.
Lehen partidako sakea gorriek atera zuten, Malax-Madariaga bikoteak, baina Egañak sarera bidalitako pilota bati esker 0-1 jarri ziren urdinak. Roberrek hurrengoko sakeagaz 0-2koa egin zuen, eta Egañak maisutasunez berriro pilota sarera bidalita 0-3 jarri ziren aurretik urdinak. Malaxen erantzuna etorri zen orduan; pilota eskerrera bideratuta, 1-3koa lortu zuen eta sakea aprobetxatuta, 5-3 aurreratu ziren gorriak. Lehia bizia izan zuten bikote biek. 5-5 eta 6-6 berdinduta ibili ziren. Baina Malaxek sakeak bikain aterata eta jokaldi horrekin errebotera bidalita 8-6 aurreratu ziren gorriak.
Hurrengo sakean ere tantoa egin zuen Malaxek, eta hori gelditu nahian min hartu zuen Roberrek eskumako atzamar lodian. Horrela lortu zuten irabazleek abantaila hartzea; 21-9 jarri zen Malax-Madariaga bikotea. Urdinek sakea berreskuratu zuten orduan, baina Roberrek motzegi aterata, 28ra joateko aukera eman zien gorriei. Bazirudien hor amaituko zela partida, 28-9 horregaz, baina galtzaileek ez zuten burua makurtu, eta lanean jarraitu zuten 28-16ra hurbildu arte. Malaxek teilatu gainetik pilota errebotera bidalita 29. tantoa egin zuen, eta dejada eskuman eginda bukatu zuen dema. Horrela, horrela azkenaurrekoetarako sailkatu dira Malax eta Madariaga.
Bigarren norgehiagoka. Sakea berriro gorriz irten zen eta berehala jarri ziren aurretik Gandiaga anaiak (3-0), Ibanek atzetik pilota sarera bideratuta. Urdinen lehen tantoa, berriz, Ibanek pilota txapapera bidali zuenean egin zuten urdinek, eta 3-1 jarri ziren, baina segituan, teilatua erabiliz, Gandiaga anaiak 9-1 ipini ziren. Tantoak zenbatzen joan ziren irabazleak pilota sarera bideratuz, eskuma aldean dejadak eginez, teilatu gainetik pilota errebote ingurura bideratuz, eta markagailuan 24-6ko aldea ezarri zuten.
Jaunarena, baina, berpiztu egin zen, eta partida estutu zuen. “Naiz eta bere lana gauez egin eta deskantsu barik Lekeitiora etorri, aurrean kontuak nahastu eta anaia biak dantzan jartzeko gai izan zen, bere pilotak bueltatu ezinik”, azaldu dute txapelketaren antolatzaileek. Ikusleek jokaldi nahasi, polit eta bizkorrekin gozatzeko aukera eduki zuten. Baina ahalegin guztia ez zen nahikoa izan markagailuko alde handia murrizteko eta gorriek 13an utzi zituzten urdinak.
Antolatzaileek esan dutenez, Iban Gandiagaz izterreko lesioa ondo osatuta dauka. “Jaun eta jabe izan zen atzean eta Pradera ezin mugituz jarri zuen jasotako bonbardaketagaz. Bi anaiak oso ondo lagundu dira, eta erraz atera zuten partida”.