Erkiagak eta Zabalak finalerdietarako pasea lortu dute
Ispastertarrak eta markina-xemeindarrak beste garaipen bat eskuratu dute Jai Alai Winter Seriesen. 7 puntu dituzte jada.
12-15 eta 8-15 nagusitu ziren atzo [otsailak 7] Gernikako frontoian Erkiaga ispastertarra eta Zabala markina-xemeindarra. Iparraldeko Jean Olharan eta Nicolas Etchetok ezin izan zuten Lea-Artibaiko bikotea menderatu. Indartsu agertu zen bikotea txapelketako bigarren partidan ere.
Gorriak, Olharan eta Etcheto, 5-1 irabazten hasi ziren, jokoa atzean kargatuz eta Erkiaga jokoan sartzea saihestuz. Topaketaren hasieran lortu zuten. Bi baten aurka jokatzen aritu ziren, baina pixkanaka Erkiaga partidan sartzen hasi zen. Zabalak, pilota batzuk galdu arren, menderatzea ere lortzen zuen, Etchetori bizkarra erakutsiz eta atzeko hormara errazago iritsiz. Urdinek berdinketa lortu zuten zortzigarren kartoian, Aritzek errebotean min egiteko abagune gehiago aurkitu zituen, hutsune gehiago zegoen eta berdinketa falta zen 9., 10. eta 11. kartoietan. 12. berdinketan Olharanek erremate erraz bat huts egin zuen. Urdinak aurretik jarri ziren, 12-13, eta zuzenean joan ziren 15. kartoira.
Lehen jokoa ez zen horren lehiatua izan. Olharanek ez zuen bere lekua aurkitzen, ez zuen asmatu jokaldiekin. Batez ere set erditik aurrera, Iparraldeko bikoteak nahi bai baina ezin zuen. Akats gehiegi egon ziren bi aldeetan. Partidako onena, Erkiaga.
Erkiaga eta Zabala, zazpi puntugaz, finalerdietan dira jada. Urtarrilaren 21ean, Barandika-Lekerikak eta Olharan-Etchetok sailkapena izango dute jokoan. Irabazten duena, pasatzen da, eta galtzen duena, kanporatuta geratzen da. Aurretik, datorren astelehenean [otsailak 14], B Multzoko Goikoetxea eta Aimar pilotariak sartuko dira lehian. Bere arerioak, Beaskoetxea eta Aldazabal. Aurrelari beteranoen arteko lehia koadro alaietan, eta Aldazabal anaiak aurrez aurre atzekoetan.
Jai Alai Winter Seriesek ikusmin handia sortu du. Frontoi bete jendek jarraitu zuen atzoko partida. Txapelketaren lehen astelehenean ia 400 lagun hurbildu ziren Gernikako frontoira. Atzo, jende kopuru bikoitza.