Zaldi-mando eta kintxopeko sariketak jokatuko dituzte Ispasterren
Asteburuan kintxopeko probak lehiatuko dituzte eta astelehenean eta martitzenean gainontzekoak.
Ispasterko 36. Zaldi-mando eta 26. Kintxopeko sariketak lehiatuko dituzte datozen egunetan. Zapatuan (otsailak 12) Kintxopekoekin hasiko da dema probalekuan. Sariketaren lehenengo egun horretan Aulestiko Ibekohondoren eta Samanoko Jose Iturriagaren zaldiak ariko dira zein baino zein gehiago, 17:00etatik aurrera. Domekan 18:00etan hasiko dute saioa, eta lau parte-hartzaile ariko dira: Rafa Alegria (Bermeo), Angel Txertudi (Busturia), Talaia Jatetxea (Zumaia) eta Txibilter (Azkoitia).
Astelehenean eta martitzenean, berriz, zaldi-mandoen arteko lehia erabakiko da. Bi egun horietan 20:00etan hasiko dute dema. Aulestiko Kobaren, Samanoko Jose Iturriagaren, Mungiako Taberna Goietaren eta Guriezoko Fermin Santamariaren abereek parte hartuko dute asteleheneko saioan. Azkenengo egunean hiru zaldi-mando lehiatuko dira: Nabarniz Jatetxea (Nabarniz), Construcciones Torrontegi (Fika) eta Segi Iturriaga (Samano).
Ispasteko Udalak jakinarazi du sariak martitzenean banatuko dituztela. Horrez gain, probalekuan musukoa “ondo ipinita izatea derrigorrezkoa” izango dela ohartarazi dute.