Auzolanerako deia egin dute Lekeitioko Argaizto parkeko mahastia zaintzeko
Lekitto Bedarra taldeak antolatu du ekintza. Zapatuan [otsailak 12], 11:00etatik 12:00etara geratu dira mahastiari ongarria bota eta ingurua txukuntzeko.
Iaz, Santa Katalina bidean dagoen Argaizto parkea berreskuratzeko auzolanean aritu ziren Lekitto Bedarra taldekoak Lekeitio Lagunkoiako kideekin batera. Moskatel barietateko zortzi landarako mahatsondo txiki bat landatu zuten. Mahatsondo horrek zaintza behar du, eta hortara dator aurtengo hitzordu berria, mantentze-lana egingo diote mahatsondoari zapatuan [otsailak 12].
Iazko landaketaren buru izan zen Txakolin Pipas-eko Anton Onaindiak gidatuko ditu aurtengo zereginetan ere. Lekitto Bedarrakoek azaldu dutenez, Onaindiak lotu ditu mahatsondoak bota dituen adar berriak alanbrera, eta mahastia kimatu ere egin du, baina ongarria behar dute, eta hori izango da zapatuko lana.
Inguruko baserriren bateko simaurra lortu, mahatsondoaren inguruak aitzurtu, ongarria ipini eta belar txarrak kenduko dizkiote. «Ongarriak lurra aberastuko du, jaten emango dio», azaldu dute.
Txukun. Mahatsondoa zaintzeagaz gainera, ingurua ere txukunduko dute. Iaz bankuak lixatu, margotu, alanbrea eta sarea jarri eta gune dena txukun txukun utzi zuten, eta aurten ere ingurua garbi eta txukun utzi nahi dute.
Argaizto parkea txikia da, eta beraz, lan guztiak 11:00etatik 12:00etara amaitzea espero dute. Simaurra eta tresneria guztia taldeak eramango ditu aurretik bertara, eta ordu betean dena eginda egongo dela aurreikusten dute. Lanak amaitutakoan, hamaiketakoa egingo dute, bakoitzak eramaten duen janariagaz.