'Hemen ondo birziklatzen dugu' ikurra saltoki txikietan aplikatuko du orain Debabarrena Mankomunitateak
Mankomunitateak azalera txikiko saltokiek gaikako bilketarekiko duten konpromisoa neurtuko du. Bisitak egingo dituzte saltokietara astelehenean [otsailak 14] hasita.
Iazko urrian azalera handiko saltokietan egin zuen lanketa bera egingo du orain Debabarrena Mankomunitateak eskualdeko saltoki txikietan, Debabarrenako kolektibo desberdinen birziklapen ohiturak hobetzeko helburuarekin. Azalera txikiko saltokiek gaikako bilketarekiko duten konpromisoa neurtuko dute datozen hilabeteetan, eta erraztasunak ere emango dizkie hondakinak modu egokian birziklatzeko. Hondakinak modu egokian banatzen dituzten saltokiei, Hemen ondo birziklatzen dugu ikurra eman eta aitortza publikoa egingo diete.
Eskualdean dauden saltoki txikien kopurua handia denez, elikagaien sektoreko saltoki txikietatik hasiko dira, horiek direla, esan dute, hondakin kopuru gehiena sortzen dutenak. Guztira elikagaiak saltzen dituzten 214 saltoki txiki identifikatu ditu Mankomunitateak: fruta dendak, janari dendak, okindegiak, arrandegiak, harategiak…
“Saltoki bakoitzari sarrerako erakusleihoan ipintzeko pegatina bat emango zaio, bezeroek ere saltokian birziklapen ohitura egokiak errespetatzen direla jakin dezaten”
Hiru bider bisitatuko dituzte saltokiak: “Lehen bisitan egitasmoa azalduko da, eta hurrengoetan birziklapen ohituren jarraipena egingo da”, zehaztu dute. Bisitak astelehenean [otsailak 14] hasiko dira, eta saltokiei egitasmoa azaldu eta informazioa bideratu asmoz, esku orriak prestatu dituzte.
Azken bisitaren ondoren, ikurra lortu duten saltokien zerrenda argitaratuko dute Mankomunitatearen webgunean. “Saltoki bakoitzari sarrerako erakusleihoan ipintzeko pegatina bat emango zaio, bezeroek ere saltokian birziklapen ohitura egokiak errespetatzen direla jakin dezaten. Ondoren, periodikoki saltokien birziklapen ohituren jarraipena egingo da, egoki birziklatzen jarraitzen dutela bermatzeko”.
“Hondakinak modu egokian birziklatzeko dituzten beharrak entzun eta aintzat hartuko dira”
Azaldu dutenez, egitasmoaren beste helburuetako bat eskualdeko saltokiengana gerturatzea eta haien beharrak eta iradokizunak entzuteko bideak zabaltzea ere bada. “Hondakinak modu egokian birziklatzeko dituzten beharrak entzun eta aintzat hartuko dira, eta erraztasunak emango zaie hondakinak gaika biltzeko”.