Lekeitioko Argaizto parkeko mahatsondoa, indarberrituta
Hamar lagun batu ziren zapatuan [otsailak 12] Lekeitioko parkea txukuntzeko Lekitto Bedarra taldeak egindako deialdira. Giro ederrean aritu ziren lanean, belaunaldi ezberdinetako partaideak.
Belaunaldi ezberdinetako herritarrak batu ziren zapatuan [otsailak 12] Santa Katalina bidean dagoen Argaizto parkea txukuntzeko. Goiz ederra eduki zuen Lekitto Bedarra taldeak egindako deialdira batu zen hamar laguneko taldeak, tartean Lekeitio Lagunkoi taldekoak eta norbanakoak.
Lekitto Bedarra taldekoek ekintzaren helburua azalduz hasi zuten ekimena. Esan zutenez, auzolana taldearen ardatz izanik, horrelako ekimenak antolatzen jarraitzea dute asmoa, eta bide batez Argaizto bezalako gune zoragarriak balorean jarri. Horretarako, boluntarioen laguntzagaz gainera, Anton Onaindia Pipas Txakolindegikoaren, lankidetza eduki zuten zapatuan; Onaindiak gidatu zituen lanean.
Alde batetik, mahatsondo bakoitzaren inguru guztia saratu, gero sakonera egoki baten aitzurtu, simaurra lurragaz nahastu eta gainean kendutako belarrak jarri zituzten arbolaren zutabeagaz tartea utziz, lurrak ez dezan estali mendua jarritako tokia.
Zehaztu dutenez, behi simaurra bota zieten iazko martxoan landatu zituzten zortzi moskatel mahatsondoei. “Behi simaur zaharra 2 urtekoa, oso egokia indarberritzeko”.
Aholkuak. Beste hainbat aholku interesgarri ere eman zituen Onaindiak amaieran, inausketa zelan egin eta arbolaren formakuntza zelan bideratzen doan bizpahiru ilaretan besteak beste. “Oso polita izan da hainbat belaunaldi desberdinetako partaideak ikustea eta gazteenei nagusien jakinduria helaraztea. 5 urteko Negu mutikoak ere, bere mahats ondoa aukeratu zuen, izena jarri eta zainduko duen asmo ona erakutsi zuen”.
Denen artean ekarritakoagaz hamaiketakoa eginez agurtu zuten ekitaldia, eta datorren urtean ere ekintza errepikatzeko geratu dira.
(Argazkiak: Lekitto Bedarra)