Aldundiarekin batzeko eskaera erregistratu dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek
50 gizarte eragile baino gehiagoren babesa jaso du egoitzetako gatazka desblokeatu asmoz aurkeztutako eskaerak.
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek beste greba egun bat egin dute gaur [otsailak 16], bizi duten egoera “jasanezina” dela salatzeko. Hitzarmena orain! Aldundia, zure esku dago lelopean manifestazioa egin dute lurralde osotik etorritako ehunka langilek Donostian. Bulebarrean hasi eta aldundiaren egoitza aurrean egindako eserialdi batekin amaitu dute kalitatezko zaintza eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko protesta. Ekintza, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batzeko eskaera berria erregistratzeko baliatu dute.
LAB eta ELA sindikatuek salatu dute arduradun politikoek gatazka desblokeatzeko borondaterik ez dutela agertu, eta horregatik egin dutela eskaera berriro. “Hilabeteak dira Maite Peña Gizarte Politikako diputatuari bilera eskaera egin diogunetik, baina ez dugu erantzunik jaso, sektorean bizi dugun gatazka aldundiaren arazoa ez bailitzan. Bada, gaurko greba egunean beste bilera eskaera bat erregistratu dugu eta berretsi dugu hau ez dela langile eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik”.
Azpimarratu dutenez, 50 gizarte eragile baino gehiagoren babesa jaso du egoitzetako gatazka desblokeatzeko asmoarekin aurkeztu duten eskaerak. Dokumentua, besteak beste, Emakumiak Mutrikun Abixan taldeak, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak edota Bilgune Feministak babestu dute. “Gipuzkoa osoko talde feministetatik, pentsiodunen elkarteetatik eta auzo elkarteetatik jasotako babes handia eskertu nahiko genuke. Talde horiek, zahar etxeetako langileekin batera, aldundiaren jarreraren larritasunaz ohartarazi nahi izan dute, gatazka ahalik eta lasterren konpontzeko urrats bat eskatzearekin batera”.
Sindikatuek espero dute aldundiak, oraingoan, Gipuzkoako gizartearen babes zabala duen eskaera entzun eta behar bezala erantzutea. “Bilera dei bat jasotzea espero dugu. Gure aldetik, borrokan jarraituko dugu zaintza lanak politikoki, ekonomikoki eta sozialki aitortuak diren gizarte baten alde”.