Bertso txarriboda egingo dute Gizaburuagan
Gizaburuagako Herriko Tabernak antolatuta egingo da ekintza. Zapatuan [otsailak 19], 20:30ean hasita, Xabat Galletebeitia bertsolari lekeitiarrak eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolari gernikarrak jardungo dute kantari, Herriko Tabernako bertso afarian parte hartzen dutenek txerrikiagaz osatutako menuagaz gozatzen ari diren bitartean. “Gizaburuagan duela bi urte egin zen azkenekoz txarriboda. Koronabirusak eragindako etenaldia eta gero, ohitura berreskuratzea erabaki da”, azaldu dute udal ordezkariek.
30 euroren truke ipini dituzte salgai afarira joateko txartelak, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, izen ematea zabalik dago oraindik. Gogorarazi dutenez, 60 bat lagunentzako aforoa dago. Herriko tabernan bertan edo 94-684 45 30 telefono zenbakira deituta egin daitezke erreserbak; izena emateko azken eguna eguena [otsailak 17] da.