Nabarniz Jatetxea eta Txibilter saritu dituzte Ispasterren
Lea-Artibaiko bi ordezkari egon dira aurtengo probetan. Zaldi-mando sariketan Aulestiko Koba geratu da hirugarren, eta kintxopekoetan ere postu bera lortu du Aulestiko Ibekohondok.
Ispasterko 36. Zaldi-mando eta 26. Kintxopeko sariketak lehiatu dituzte zapatuan hasi eta atzora bitartean [otsailak 15].
Atzo bertan banatu zituzten sariak. Kintxopekoetan Azkoitiko Txibilterrentzat izan dira txapela eta manta. Zaldi-mandoetan, berriz, Nabarniz Jatetxeak irabazi du sariketa.
Astelehenean eta martitzenean zaldi-mandoen arteko lehia erabaki da. 72 untzagaz nagusitu da Nabarniz Jatetxeko zaldia. 71 untza eta 3,15m lortu zituen Samanoko Sergio Iturriaga bigarren sailkatuak, eta Aulestiko Koba geratu da hirugarren, 69 untzagaz.
Zazpi parte hartzaile egon dira zaldi-mando sariketan. Fikako Construcciones Torrontegi laugarren (66 untza), Mungiako Goieta Taberna bosgarren (65 untza eta 3/4), Samanoko Jose Iturriaga seigarren (63 untza eta 3,55m) eta Guriezoko Fermin Santamaria azkenengo postuan (55 untza) sailkatu ziren.
Kintxopeko sariketa, berriz, bost partaideren artean erabaki da aurten. 70 untza eta 2,14m-ko marka egin zuen Txibilter txapeldunak, eta alde nahikoa atera zien gainontzekoei. 67 untza, 1/2 eta 1,60m egin zituen Jose Iturriaga txapeldunordeak. Aulestiko Ibekohondo sailkatu zen hirugarren, 64 untza, 3/4 eta 6,20m-gaz. Bermeoko Rafa Alegria eta Zumaiako Talaia Jatetxea sailkatu ziren laugarren eta bosgarren, hurrenez hurren. Bi horien artean alde oso estua egon zen; 57 untza eta 0,67m egin zituen bermeotarrak, eta 57 untza zumaiarrak.