Nahia Quincoces, irabazle Causiat Extremen
Emakumezkoen senior mailan garaipena lortu zuen joan dan asteburuan, 1:50:50eko denbora eginda.
Joan zen asteburuan, Causiat Extreme eski lehiaketaren bederatzigarren edizioa egin zen Candanchun. Bertan lehiatu zen Euskal Selekzioa, eta emaitza azpimarragarri bana erdietsi ditu: Nahia Quincocesek eta IƱigo Martinez de Albornozek lortutakoak. Izan ere, Lekeitioko Lumentza taldeko Quincoces eskiatzaile mendexarrak urrezko domina irabazi zuen emakumezkoen senior mailan, zapatuan. Quincocesen nagusitasuna ageri-agerikoa izan da bere mailan: 1:50:50eko denbora behar izan zuen ibilbidea betetzeko.
Mendexako eskiatzailea “oso pozik” ageri da, bai lorturiko emaitzagatik, bai lasterketan izandako bizipenengatik: “Sentsazioak oso onak izan ziren, indartsu sentitu nintzen, eta pozarren nago lortutakoaz”. Causiat Extremeko antolatzaileek lan nekeza izan zuten, lasterketako ibilbidea diseinatzeko orduan. “Azken hilabetean elur oso gutxi egin du, baina, dena dela, antolakuntzakoek ibilbide benetan ederra egitea lortu dute, oso-oso alpinoa, tarterik gehienak mendikoak zituena”. Zentzu horretan, ibilbidea bikain egokitu zaioi Quincocesi: “Zati teknikoak zituen, hala gorantz, nola beherantz; asko gozatu nuen lehiaketa egunean”.
Quincocesek erritmo oso bizia jarri zuen hasieratik; sei igoera eta sei jaitsiera eginda, garaipen oso sendoa lortu zuen. Halaber, hitzordu oso berezi batean irabazi zuen: “Antolakuntzako lantaldekoak aspaldiko lagunak ditut; lasterketaren ostean, jai edo ospakizun bat prestatzen dute, otordua, musika emanaldia eta guzti. Beraz, sufritzeko, gozatzeko eta deskonektatzeko aukera izan nuen, giro atsegin batean”. Domekan, Quincocesek bere eskarmentua gazteen zerbitzura jarri zuen, entrenamendu tekniko bat egin baitzuten.