Amandarriko Aitor Regillaga hirugarren sailkatu da Sopelako Duatloian
Iona Osa Larruzea ondarrutarra laugarren sailkatu da; oso gutxigatik geratu da podiumetik kanpo
![](https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2022/02/sopelako-duatloia.jpg)
Lekeitioko Amandarri Triatloi Klubeko Aitor Regillaga Beloki hirugarren eta Iona Osa Larruzea ondarrutarra laugarren sailkatu ziren Sopelako XV. Duatloian, zapatuan [otsailak 19]. Joanes Goitisolo Otazuak eta Enara Oronoz Mateok irabazi zuten proba.
Gizonezkoetan 141 parte-hartzaile egon ziren, eta lehenengo 35ek ordubete baino gutxiagoan amaitu zuten duatloia. 55 minutu eta 45 segundotan burutu zituen lanak Goitisolok, eta harengandik 53 segundora amaitu zuen Regillagak. Iker Ortiz de Zarate Nuñez sailkatu zen bigarren, lehenengoarengandik 45 segundora.
Ondarruko Koaxi TTko Andoni Valecia Goiogana 129. sailkatu (1.14.16) zen, Goitisolorengandik 18 minutu eta 31 segundora.
Emakumezkoetan Saltoki Trikideak klubeko Oronozek 01.04.14 marka egin zuen. Jarraian, Goitisoloren Alusigma Peñota Dental triatloi taldeko hiru kide sartu ziren helmugan. Marta Sanchez Hernandezek eta Natalia Gomez Ruizek osatu zuten podiuma. Bigarren sailkatuak irabazlearengandik minutu 1 eta 9 segundora amaitu zuen, eta hirugarrenak 3 minutu eta 45 segundora. Osa ordubete, 8 minutu eta 23 segundotan helmugaratu zen.