Bizkaiko Batel Liga hasi dute Lea-Artibaiko arraun klubek
Ondarroa AE eta Isuntza AE atzo Sestaon lehiatutako lehenengo estropadan ibili ziren, hainbat kategoriatan parte hartuz: alebinak, umeak, gazteak eta kadeteak.
Atzo hasi zen aurtengo Bizkaiko batel liga. Lehendabiziko estropada Sestaon lehiatu zuten hainbat kategoriatako arraunlariek. Zita hartan egon ziren, hain zuzen ere, Lea-Artibaiko zenbait udalerritako arraun klubetako ordezkariak: Ondarroakoak eta Lekeitiokoak. Klub horietako lehiakideek kau kategoriatan partu hartu zuten: kadete, ume, gazte eta alebin mailetan.
Kadete mailan, emakumezkoak eta gizonezkoak aritu ziren. Kaiku B gailendu zen emakumezkoen estropadan, 07:57,93ko denboragaz. Lea-Artibaiko aurreratuena Isuntza Arraun Elkarteko A taldea izan zen, 16 segundutara sailkatu zena. Elkarte bereko B taldea sailkatu zen ondoren, 10 segundu gehiagogaz. Ondarroa AEk hiru batel uretaratu zituen: A taldea 5.a sailkatu zen, 30 segundutara; C taldea 7.a, 49ra, eta B taldea, ostera, 13.a, 01:29ra. Kategoria bereko gizonezkoen estropada, berriz, Isuntza AEk irabazi zuen, 07:09,13ko denbora lortuta. B taldea 5.a izan zen, 13 segundutara; D taldea 10.a, 27 segundutara, eta C taldea 15.a, 47ra. Ondarroako batelari dagokionez, 19.a amaitu zuen, 57 segundutara.
Gazte mailan ere, Isuntzakoek lortu zuten garaipena emakumezkoen estropadan: B taldeak 10:20ko denbora erdietsi zuen. A taldea 3.a izan zen, 19 segundutara. Ume mailan ere ibili ziren Lea-Artibaiko arraunlariak. Emakumezko kategorian, hain zuzen ere, lehiatutako bederatzi bateletatik sei eskualdekoak izan ziren. Ondarru A batelak irabazi zuen 05:13ko denboragaz. B taldea 3.a sailkatu zen, 14 segundutara. Isuntza A eta B ere ibili ziren: 7.a eta 5.a sailkatu ziren, hurrenez hurren. B taldeak irabazleak baino 30 segundu gehiago behar izan zituen, eta A taldeak, aldiz, 40 gehiago. Ondarru D eta C batelek osatu zuten taula; lehenengo taldea 8.a sailkatu zen, 01:03ra, eta bigarrena 9.a, 01:18ra. Gizonezkoen estropadan, Itsasoko Ama A batela nagusitu zen, 05:13ko denboragaz. Isuntza A 3.a sailkatu zen, 13 segundutara. Ondarru A 6.a izan zen, 23ra; Isuntza B 34 segundutara geratu zen, 8.a; Ondarru B, 13.a, 53ra.
Alebin kategorian ere Ondarruk eta Isuntzak lehiatu zuten gizonezkoen estropada. Lehenengo batela 3.a geratu zen, Arkote irabazleak erdietsitako 02:48 denboratik 15 segundutara, Isuntza, ostera, deskalifikatu egin zuten kategoria horretan. Emakumezkoen norgehiagoka, aldiz, irabazi egin zuten Ondarroakoek. B taldeak 02:47ko denbora lortu zuten, A taldeak baino 4 segundu gutxiago. Isuntzako batela 4.a sailkatu zen, 16 segundutara.