Jaunarena eta Pradera sailkatu dira Lekeitioko Beteranoen Txapelketako finalaurrekorako
30-14 irabazi diete Astigarragari eta Fosterri. Azken aurrekoetako lehenengo partidak domekan [otsailak 27] jokatuko dira.

Erabakita daude Lekeitioko trinketeko Beteranoen Eskupilota Txapelketako finalaurrekoa jokatuko duten bikoteak. Atzo [otsailak 20] jokatu zuten ligaxkako azken partida Jaunarena (Gartzaron-Nafarroa)-Pradera (Mallabia) eta Astigarraga (Deba)-Foster (Lekeitio) bikoteen artean, eta lehenek eskuratu zuten aurrera egiteko txartela, 30-14 irabazita.
Irabazleentzako izan zen hasierako sakea, eta partida nahiko orekatu joan zen lehen tantoetan, baina Praderaren indarrari esker irabazleek berehala hartu zuten agintea atzean, eta 8-2 jarri ziren aurretik. Astigarraga abantaila murrizten saiatu zen, eta 7-5 era ere hurreratu ziren bikoteak, baina irabazleek bere jokoa egiten jarraitu zuten: pilotak frontisetik urrun ipintzen eta gero aurrean errematatzen.

Foster pilota saila eroaten. Argazkia: Akarregi Pilota Taldea
Jaunarenak hiru tanto lortu zituen sakez eta beste horrenbeste frailea eta txaflanak erabilita, eta horrek ere min asko egin zien galtzaileei. Astigarragari, berriz, zortea falta izan zitzaion; bost bider txapak ekiditu zuen bere lan ona eta saria, eta Foster, naiz eta partida barruan mantentzen ahalegindu, markagailuaren pisua gainditu ezina izan zen ( 13-6, 20-10,25-12) debarrarentzat eta lekeitiarrarentzat. Azken tantoetan erraz ibili ziren Jaunarena eta Pradera.

Foster, Pradera, Jaunarena eta Astigarraga partida amaituta. Argazkia: Akarregi Pilota Taldea
Azken aurrekoak. Azken aurrekoetako lehenengo partidak domekan [otsailak 27] jokatuko dira. 09:30ean, Gandiaga anaiak eta Rober-EgaƱa bikoteak neurtuko dira eta 10:30ean, Malax-Madariaga eta Jaunarena-Pradera bikoteak. Txapelketaren antolatzaileek azaldu dutenez, finalera heltzeko bi jardunaldietan irabazi behar da: “Domekan eta martxoaren 06an jokatuko den beste finalaurrekoan. Berdinketa egonez gero, partida erabakigarria martxoaren 13 jokatuko da”.